Politika -
Auzitegi Nazionalean
Enpresari bat bahitu zuela aitortu du Galarza ETAko ustezko kideak
1986ean izandako Lucio Aguinagalde enpresariaren bahiketan parte hartu zuela onartu du Luis Enrique Galarzak. Fiskaltzak ertzaina bat tirokatzea leporatu dio baina Galarzak akusazioa errefusatu du.
Erredakzioa
1986ko Lucio Aguinagalde enpresariaren bahiketan parte hartu zuela aitortu du gaur, asteazkena, Auzitegi Nazionalean Luis Enrique Galarza ETAko ustezko kideak. Gainera, enpresaria askatzean Ertzaintzaren buru zena hiltzea ere egotzi diote baina Galarzak akusazio hau errefusatu du.
Fiskaltzak 78 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du, haren esanetan, Galarzak Aguinagalde enpresaria bahitu zuelako, Araba komandoko gainontzeko kideekin, tartean, Juan Maria Gabirongo Agote, "Chispas", eta Francisco Antonio Cabello Perez, "Patxi". Bi hauek delitu honengatik epaitu dituzte dagoeneko. Galarzari Genaro Garcia Andoain Ertzaintzako buruaren heriotza ere leporatu dio Fiskaltzak.
Garate Galazarrek deklaratu duenez, kobatik irtetzean metraileta bat zeraman baina ez zuen inor tirokatu, menditik ihes egin zuelako.
Enpresaria ezkutatuta izan zuten koba nola aurkitu zuten azaldu dute epaiketan ertzaintza batzuk. Gainera, haietariko baten arabera, zulotik ateratzen ziren tiro batzuk izan ziren entzungai. Tiro hauek Genaro Garcia Andoain Ertzaintzako buruzagi ohiak jaso zituen eta ondorioz, hil zen.
Azaroaren 2an enpresaria askatzean, zuloaren barnean armak, lehergailuak eta bestelako dokumentazioa zegoela aurkitu zuten agenteek. Honen artean, Arabako enpresariei, militarrei eta segurtasun armatuei buruzko informazioa zegoen.
Garate Galarzaren defentsak, berriz, aske uztea eskatu dute. Epairako prest dago auzia.