Politika -
Bakea Euskadin
'Gobernu batek ezin du indarkeria gaitzesten ez dutenekin hitz egin'
Irlandako ministro ohiaren hitzetan, egoera bakoitza ezberdina den arren, Irlandako bake prozesuaren oinarrietako batzuk beste bake prozesu batzuetan, Euskadin esaterako, aplika daitezke.
Erredakzioa
Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiaren hitzetan, "gobernu demokratiko bat ezin da indarkeria gaitzetsi gabe politika egin nahi duten alderdiekin mahai berean jesarri".
Ahernek prentsaurrekoa eman du Donostian, Markel Olano Gipuzkoa ahaldun nagusiarekin batera; Ahernen esanetan, bakea lortzera bideratuta dagoen elkarrizketa egon dadin, "alderdi guztiek gaitzetsi behar dute indarkeria".
Bertie Ahern 1997 eta 2007 urteen artean izan zen Irlandako lehen ministroa, eta 1998ko Ostiral Santuko Akordioetan parte hartu zuen. Ahernen hitzetan, egun Irlandako herritarren % 99k ekintza terroristak gaitzesten dituzte.
Irlandako agintari ohiak jakinarazi duenez, egoera bakoitza ezberdina den arren, Irlandako bake prozesuaren oinarrietako batzuk beste bake prozesu batzuetan, Euskadin esaterako, aplika daitezke.
Dena den, Ahernek ez du Euskadiko egoeraren inguruko erreferentzia konkreturik egin, baina zenbait prozesuk euskal gatazkan interesa izan dezaketela azaldu du; besteak beste, Sinn Fein IRAren beso armatua izan zen alderdiaren garapena aipatu du.