Politika -

Katalunia

Puigdemontek, Ponsatik eta Cominek Europako hauteskundeetan parte hartu ahalko dute

Lliures per Europa zerrendako hiru hautagaiek Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren kontrako helegiteak aintzat hartu dituzte Madrilgo bi epaitegik.

Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. EFE
Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean
Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Clara Ponsati eta Antoni Comin kontseilari ohiek maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetan parte hartu ahalko dute, Madrilgo bi epaitegik gaur erabaki dutenez.

Epaileek Auzitegi Gorenak atzo azaldutako irizpideari jarraituz esan dutenez, hautagaiek ez dute mugatua hautatuak izateko eskubidea, "nahiz eta Espainiako justiziatik ihes eginda egon".

Espainiako Hauteskunde Batzordeak Puigdemonten eta beste bi politikari horien hautagaitza bertan behera uztea ebatzi zuen gaur zortzi. Erabaki horren kontra helegitea aurkeztu zuten hirurek, eta gaur etorri da erantzuna.

Auzitegi Gorenak atzo zehaztu zuenez, ohiko epaitegi bati zegokion auzia aztertzea. Dena dela, horren arabera, hiru politikari kataluniarrak "hautagai izan daitezke" Europako hauteskundeetan.

Auzitara joko duela iragarri du Puigdemontek

Puigdemontek auzitara joko duela iragarri du, Hauteskunde Batzorde Zentralak hautagaitzatik kanpo uzteagatik.

"Legearen erabilpena eta abusua izan dela argi frogatuta eta erakutsita geratu denean, defendatu behar gara. Hau ezin da zigorrik gabe geratu", esan du TV3en.

Puigdemonten arabera, demokraziaren alde egiteko, beharrekoa da justizia "oso gaizki erabiltzen dutenak seinalatzea". Hauteskunde Batzordearen independentzia eta bermeak zalantzan jarri ditu.

Esan duenez, Hauteskunde Batzordeak ezin ditu hautagaitzaren gaineko erabakiak hartu bere gustuen arabera. "Hori dinamita da sistema demokratiko baten oinarrietan", esan du.

"Erakutsi dugu arrazoia geneukala, gure eskubideak genituela", esan du. Hala ere, hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra egiteko denbora gastatu behar izan duela deitoratu du, eta ezin izan duela denbora hori kanpaina prestatzera eskaini.

"20 egunean besteek denbora gehiagorekin egin ahal izan duten lana egin behar dugu", esan du. Horregatik, bere hautagaitza kaltetuta irten dela uste du.

Hala ere, "galdutako denbora" berreskuratzen saiatuko dira. Bere lehentasuna hauteskundeak irabaztea da, kontseilari ohiak hautatuak izan daitezen.

Puigdemontentzat, JxCatek Estatuari irabazteko ezagutza eta eskarmentua dituela erakutsi du: "Belgikan irabazi dugu, Alemanian irabazi dugu eta Madrilen irabazi berri dugu. Ezagutza hori guztia, indar hori eta oinarrizko eskubideen defentsa eraginkorra eta efizientea Kataluniako biztanleen zerbitzuan jarri behar dugu".

Gainera, Kataluniako autodeterminazio eskubidea Europako agendan sartzeko konpromisoa hartu du, eta EBn "2017ko urriko ahostzat" aldarrikatu du bere burua.

Junts per Catalunya alderdiak pozez hartu du erabakia: "Isildu eta baztertu nahi izan gaituzte, baina ez dago JxCat baino harresi demokratiko eta eraginkorragorik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Brusela Auzitegi Gorena Europako hauteskundeak bideoak Europako hauteskundeak egutegia Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Espainia Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Junts per Catalunya