Politika -

PRESOAK

Txus Martinek jasandako tratu 'gizagabea' salatu eta etxeratzeko eskatu du Sarek

Sarek Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean egindako kontzentrazioan azpimarratu duenez, Ertzaintzak bere jarrera aldatu du larri gaixo dagoen presoarekiko.

Sarek kontzentrazioa egin du Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean. @sare_herritarra
Sarek kontzentrazioa egin du Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean
Sarek kontzentrazioa egin du Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean. @sare_herritarra

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txus Martin larri gaixo dagoen presoak eta haren senideek jasandako tratu "gizagabea" salatu eta gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatu du astearte honetan Sarek.

Sarek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean. Larunbatean egin zuten gaurko deialdia, Zaintza Epailearen autoaren gainean Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak egindako interpretazioa salatzeko. Deitzaileen arabera, "interpretazio guztiz murriztailea zen, zeinak, Ertzaintzaren uneoroko presentzia ahalbidetzen zuen Txus Martinen gelan bertan".

Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak azpimarratu duenez, Txus Martin presoaren gaineko zaintza lan zorrotza "nabarmen" aldatu da "azken orduetan", Sarek eta presoaren senide eta lagunek egindako eskaerei kasu eginez. Ertzaintzaren jarreran aldaketa izanda ere, Sarek gaurko elkarretaratzea mantentzea erabaki du, Txus Martinek eta haren senideek jasan behar izan duten tratua salatu eta Txus Martin eta larri gaixo dauden presoak berehala etxeratzea eskatzeko.

Sareren esanetan, larriki gaixo diren presoen gaineko arazo estrukturalak bere horretan dirau. Horren ardura, batez ere, Espetxe Zuzendaritzarena dela iritzi dio, eta, "kasu honetan, baita Espetxe Zaintza Epaitegiarena ere".

Bestalde, espetxe politikan aldaketak egitea eskatu du Sarek, "larriki gaixo diren presoei dagokionez, dagokien tratamendua espetxetik kanpo eta senideekin jaso ahal izateko". Sareren ustez, ETA desagertu eta euskal presoek legedia errespetatzearen aldeko hautua egin ostean, ez du inolako zentzurik presoei, "askatasuna ez ezik, osasunerako eta bizitzarako eskubidea ukatzen dien" salbuespen legediak indarrean jarraitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Presoak bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa