Politika -

Eusko Legebiltzarra

Goi-kargudunentzako kode etikoa onartuko du Eusko Jaurlaritzak

Bestalde, gai ekonomikoetan PPk azaldu duen "inmobilismoa" kritikatu du lehendakariak. Bien bitartean, Lopezek "bi aurpegi ezberdin" dituela adierazi du Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Administrazio Publikoko goi-kargudun guztientzako "Kode Etikoa" onartu behar du Eusko Jaurlaritzak, Patxi Lopez lehendakariak gaur aurreratu duenez.

Miren Gallastegui legebiltzarkide sozialistak galdera egin du Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta Lopezek iragarpen hori egin du.

Kudeaketa publikoan ustezko irregulartasunik ez izateko Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurriei buruz galdetu du Gallasteguik, eta ''De Miguel auzia'' edo Bizkaiko Hiri Jabetzako Ganberaren likidazioa adibidetzat jarri ditu.

Osasun Sailak dagoeneko "Gobernu Egokiaren Kode" bat duela gogorarazi du lehendakariak, eta gutxi barru kode hori Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun guztientzat izango dela azaldu du, ''Kode Etikoaren'' onarpenarekin.

Lopezen arabera, "kodea zintzotasun, gardentasun, parte-hartze, erantzukizun eta borondatean" oinarrituko da, "zerbitzu publikoa balio etiko gisa ulertu behar delako".

Eztabaida

Bestalde, gai ekonomikoetan PP nazionalak azaldu duen "inmobilismoa" kritikatu du lehendakariak. Bien bitartean, Lopezek "bi aurpegi ezberdin" dituela adierazi du Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaileak.

Gai ekonomikoetan Lopezen "memoria lapsusak" kritikatu ditu Barredak, batez ere PSEko idazkari nagusi gisa parte hartzen duen ekitaldietan.

Euskal sozialisten buruzagia eta aldi berean lehendakaria denez, "bi aurpegi ezberdin" ez azaltzeko eskatu dio Lopezi Barredak, izan ere, alderdiko ekitaldietan PPren murrizketa sozialak "asmatu" ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea