Politika -

Eguigureni erantzuna

PPrekin duten ituna ETA ahultzen ari dela esan du lehendakariak

Jesus Eguiguren PSEko presidenteak egindako "balorazioekin eta adierazpenekin" bat ez datozela azaldu du Eusko Jaurlaritzak komunikatu baten bidez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren laguntzarekin bideratutako Eusko Jaurlaritzaren politika ETA "ahultasunera" eramaten ari dela gogorarazi dio Jesus Eguiguren PSEko presidenteari Patxi Lopez lehendakariak. Ezker abertzalea legezko izateko bidea egiten ari da politika berdinak bultzatuta, lehendakariaren eta Gasteizko Exekutiboaren hitzetan.

Eguigurenek gaur egindako "balorazioekin eta adierazpenekin" bat ez datozela azaldu dute Eusko Jaurlaritzak eta lehendakariak komunikatu baten bidez.

Sozialistak Eusko Jaurlaritzan "bakea egiteko" daudela adierazi du PSEko presidenteak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. PPk politika hori gauzatzen uzten ez baldin badie alderdi horrekin "hautsi" egin beharko dutela ohartarazi du Eguigurenek.

Euskadin bakea eta askatasuna lortzeko PPk lagundutako Eusko Jaurlaritzaren politikan sakondu beharra dagoela azaldu du Lehendakaritzak, "ETAren desagerpena eta mehatxuak bukatzea lortzeko, baina ordainetan inolako partida politikorik eman gabe".

Helburu hori "beti" defendatu dute PPk eta PSEk Terrorismoaren aurkako Itunak eta Eusko Jaurlaritza babesten duen Oinarri Akordioak espreski biltzen duten bezala, komunikatuak dioenez.

"Berebiziko helburu lagaezina da, eta desadostasun txikien gainetik mantentzen dugu", adierazi du Lopezen Exekutiboak.

PP

Bestalde, PSErekin mantentzen duten akordioa "terroristak garaitzeko" dela ohartarazi du Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaileak, eta baita "demokrazia eta askatasuneko etorkizun baketsu bat" lortzeko ere. Zentzu horretan, "terroristek zaindutako bake bat" balio demokratikoekin "bateragarria" ez dela gogorarazi du Barredak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea