Politika -

Dokumentazioa

Bilduren zerrendak inpugnatzea agindu du Espainiako Gobernuak

Zerrendak banan-banan inpugna ditzakete, edo koalizio oso-osorik. Azken hitza Auzitegi Konstituzionalak izango du maiatzaren 20ean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Caamaño Justizia ministroak proposatuta, gaurko Ministroen Kontseiluak baimena eman dio Estatuko Abokatutzari Bildu koalizioaren zerrenden aurka egin ahal izateko, baldin eta segurtasun indarrek aurkeztutako txoztenek Batasunarekin lotura dutela probatzen badute.

Horrela iragarri du gaur Ministroen Kontseiluaren ostean egin den prentsaurrekoan Gobernuko lehen presidenteordeak eta Barne ministroak, Alfredo Pérez Rubalcabak. Estatuko zerbitzu juridikoei, beraz, baimena eman diete komenigarria ikusten badute Bilduren zerrenden aurka egiteko.

"Zerendak aztertzen ari gara" esan du Perez Rubalcabak, eta azaldu du Bilduri buruz polizia txosten bat eginda dagoela eta atzo Fiskaltzari eta Estatuko Abokatutzari bidali zitzaiela. Era berean, gaineratu du zerrenden gaineko beste txosten bat dagoela. Ministroaren ustez, azkenean Auzitegi Gorena izango da zerrendak legezkoak edo legez kanpokoak diren erabakiko duena.

Europa Press-ek jakinarazi duenez, Estatuko Segurtasun Indarrek txosten ezberdinak egingo dituzte, Eak eta Alternatibak osatu duten koalizioan ere Batasuna dagoela probatu ahal izateko.

Bestalde, Marcelino iglesias PSOEko Antolakuntza idazkariaren hitzetan, Gobernuak "jarraibideak" emango dizkio Estatuko Abokatutzari edo Fiskaltzari Bilduren hautagaien zerrendak inpugnatzeko. Aragon Rasio katean egindako elkarrizketa batean, "inpugnazioa epaileek soilik egin dezaketela" azaldu du Iglesiasek.

Iglesias ziur dago epaileek erabakiko dutela Bilduk ezin duela joko demokratikoan parte hartu, eta horretarako "denbora" behar dela. "Sinesgarritasun hori ezin zaie berehalakoan eman".

Iglesiasek azaldu du "positiboa" dela koalizioak "indarkeria errefusatzea", baina horrek "benetakoa" izan behar duela dio. "Sinesgarritasun hori ezin zaie berehalakoan eman".

Apirilaren 28a arte

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak apirilaren 28a arte izango dute Bilduren zerrendak inpugnatzeko aukera. Inpugnazioa bi eratara eman liteke: zerrendaz zerrenda edo koalizio osoa.

Atzo zerrendak erregistratu ondoren, apirilaren 26ean egingo dira ofizial, Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean.

Bi egun geroago amaituko da inpugnazioak aurkezteko epea, eta apirilaren 30erako, Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu beharko du balizko helegitearen inguruan.

Gorenak inpugnazioak onartuz gero, Bilduren defentsak Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango du eta epaitegi horrek hiru egun izango ditu erabakia hartzeko, maiatzaren 5a arte hain zuzen ere.

Lege berriarekin, hauteskunde zerrendak kanpainan ere inpugnatu ahal izango dituzte. Hori horrela, Gobernuak eta Fiskaltzak maiatzaren 12a, osteguna, arte izango dute inpugnazio helegiteak sartzeko epea. Gorenak maiatzaren 15aren aurretik ebatzi beharko du balizko helegitearen inguruan eta Bilduk errekurtsoa jarriz gero, Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 20rako eman beharko du ebazpena.

Segurtasun Indarrak Bilduren hautagaien zerrendak aztertzen hasiko dira bihar, gaur hauteskunde-batzordeak Barne Ministeriora zerrenda horiek bidali ostean, eta halaber, Barne Ministerioak Poliziari eta Guardia Zibilari bidali ostean.

Poliziak eta guardia Zibilak ikerketa horren inguruko txostenak aurkeztu beharko dizkiote Fiskaltzari eta Estatuko Abokatutzari, irizpide juridikoen arabera zerrenda horiek inpugnatzeko arrazoirik ote dagoen erabakitzeko.

Bilduren zerrenden aurka egiteko baimena emango dio bihar Gobernuak Estatuko Abokatutzari.

258 zerrenda aurkeztu ditu Bilduk EAEn. Era berean, Nafarroako Parlamenturako eta Batzar Nagusietarako barruti guztietan zerrendak aurkeztu ditu koalizioak. Guztira, 32 hautagaitza aurkeztu ditu Araban, 104 Bizkaian, 72 Gipuzkoan eta 51 Nafarroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea