Politika -
Auzitegi Nazionala
'Herriko tabernen' auzian Otegi aske uztea onartu du epaileak
Nolanahi ere, Batasuneko bozeramaile ohiak espetxean jarraituko du, beste auzi batean behin-behineko espetxealdia ezarri baitzioten.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak ''herriko tabernen'' auzian Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileari behin-behineko askatasuna onartzea erabaki du gaur. Dena dela, buruzagi abertzaleak kartzelan jarraituko du, beste auzi batean behin-behineko espetxealdia ezarri ziotelako.
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko bigarren arloak adierazi du oraindik ezin izan duela ezarri epaiketaren data, eta ihes egiteko arriskurik sumatzen ez duenez, Otegiri behin-behineko askatasuna onartu dio.
Halaber, egotzitako delituak berriz egiteko arriskua murriztu egin dela argudiatu du, eta guztiz desagertu egin ez den arren, delitua ez dela espetxean jarraitzeko bezain larria.
Horrenbestez, Batasuneko bozeramaile ohiari 50.000 euroko bermea eta astean behin epaitegira joatea ezarri diote. Gainera, Auzitegi Gorenak legez kanporatutako alderdien antzekoen bileretan, manifestazioetan eta ekitaldi publikoetan parte hartzea debekatu dio.
Auzi honetan, Otegik 17 hilabete eman ditu behin-behineko espetxealdian. Fiskaltza aske uztearen alde agertu zen, eta herri akusazioak, aurka.
''Herriko tabernen'' auzian, ETAren finantziazioa eta Batasuna erakunde terroristaren mende dagoen ikertzen ari dira. Otegi ez ezik, Batasuneko beste 40 kide ohi ere auzipetuta daude, tartean Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Adolfo Araiz, Floren Aoiz, Jose Luis Elkoro eta Karmelo Landa.
Fiskaltzak 12 urteko espetxe zigorra eskatu du Otegirentzat, ETAko buruzagi izatea egotzita.
Bozeramaile abertzale ohia ez da kartzelatik aterako oraingoz, Bateragune auzian behin-behineko espetxealdia ezarri baitzioten.