Politika -
Katalunia
Azken lekukoak eta aurreneko adituak izango dira gaur 'proces' auziko epaiketan
Azken bi hilabeteotan 416 lekukok hartu dute hitza, gaur azken bederatziek deklaratuko dute. Ondoren, arratsaldean, adituen txanda izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Azken lekukotzak entzungo dira gaur 'proces' auziko epaiketan. Azken bi hilabeteetan 416 lekukoren deklarazioa entzun du epaimahaiak, eta asteazken honetan bukatuko da epaiketaren zati hori. Horren ondotik, aditu-frogari ekingo diote.
Defentsek eskatuta, bederatzi lekukok deklaratuko dute gaur; bost goizean eta beste lau, arratsaldean.
Lekukoen artean, honakoek hartuko dute hitza: ANCn Carme Forcadellen kidea izandakoak, erreferendumaren bezperan ikastetxeetan izan ziren ekitaldiak egiteko baimena eman zuten arduradunek, eta Generalitateko tarteko kargudunak, besteak beste, Carles Mundo, Meritxell Borras eta Santi Vila kontseilari ohien menpekoak.
Lekukotzak amaituta, adituen txanda izango da. Deklaratzen lehenak Fiskaltzak eskatutako adituak izango dira: Ogasun funtzionarioak (U1a antolatzeko erabili omen zen diru publikoaz) eta txostengile bat (Generalitateko aurrekontuaren inguruan Estatuko Kontu-Hartze Nagusiaren txostena egin zuena) mintzatuko dira.
Segidan, Jordi Cuixarten defentsak eskatuta, aditu batek hartuko du hitza, 'proces'aren analisi estrategikoaren txosten bat azaltzeko.
Ondoren, Fiskaltzaren eta Abokatutzaren eskariz, Segipsa eta Ibertasa enpresen teknikariek deklaratuko dute hauteslekuen balorazioa egiteko. Horri kontra egiteko, halaber, Dolors Bassaren defentsak eskatu du beste aditu batek azalpenak ematea.