Politika -
Aberri Eguna, Bilbo
EAJk 'mobilizazio handi' baterako deia egin du, PSE-PP ituna hausteko
Iñigo Urkullu jeltzaleak abertzaleen mobilizazio jendetsuaren alde agertu da M-22rako. Gainera, ezker abertzaleak euskal herritarrei iruzur egiten badie bere "gainetik pasako" dira.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak abertzaleen "mobilizazio" handi baterako deia egin du M-22an, hauteskundeetan, "PSE-PP ituna" hautestontzietan hausteko.
Milaka kide eta jarraitzaileen aurrean Bilboko Plaza Berrian Aberri Eguna ospatzeko egin duten ekitaldian, Urkulluk esan du ezker abertzalea, azkenik, "zalditik jausi" dela eta "iruzur egitekotan", euskal herritarrek "gainetik pasatuko" dituztela, "zaldiarekin" egingo duten bezala.
EAJren buruak "bide politiko eta demokratikoen" apustua egin du, PP-PSE "inoiz baino lupa gehiagorekin" dagoen bitartean. Hala ere, esan duenez, duela bi urte sozialista eta popularren artean osatu zen Gobernuaren ostean, "abertzaletasunak gora egin du" eta eurek "boterea eta babesa galdu dute".
Hori dela eta, "bazterrak nahasten" dituzte legez kanpo uzte aldera, badakitelako euren ituna "bukatu" eta "iragana" dela. Halaber, euskal Estatu eta nazio baten alde agertu da, eta "Euskadi baketsu baten alde ere bai, demokrazian, inposiziorik gabe eta ''gudaririk'' gabe".
"Gure herriaren etorkizuna erabakiko dugu", esan du Iñigo Urkulluk, eta "inork ez gaitu ez ordezkatuko, ez baldintzatuko".