Politika -
Katalunia
Puigdemontek eta beste 74 diputatuk aurkeztutako salaketa atzera bota dute Europan
Estrasburgok ontzat eman du Konstituzionalak bertan behera utzi izana U-1aren ostean Kataluniako Parlamentuak deitutako bilkura. Horren ustez, 'gutxiengoaren eskubideak' babestu behar ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak baztertu egin du Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak eta 74 diputatuk 2017ko urriaren 9ko Parlamentuko osoko bilkura bertan behera uztearen aurka aurkeztu zuten salaketa. Bilkura horretan U-1eko emaitzak aztertu behar zituzten.
Europako Auzitegiaren arabera, Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuko osoko bilkura bertan behera uzteko emandako epaia "beharrezkoa zen, Ganberan gutxiengoan ziren parlamentarien eskubideak eta askatasuna bermatze aldera". Giza Eskubideen Auzitegiak argudiatu duenez, Junts Pel Si eta CUP taldeek (Parlamentuan gehiengoa zuten) deitu zuten bilkura, eta "gehiengo horren gehiegikerien aurrean" gutxiengoan zeudenak babesteko asmoa zuen Auzitegi Konstituzionalak PSCk babes-helegitea aurkeztu eta gero.
Beste arrazoi bat ere aipatu du Estrasburgok salaketa baztertzeko. Horren ustez, osoko bilkura Erreferendum Legearen arabera deitu zuten, baina lege hori Konstituzionalak berak baliogabetu zuen aurretik; hortaz, "ezin zuten aplikatu".
Junts Pel Si eta CUP taldeek eskatuta
Urriaren 1eko erreferendumaren ondotik, bi talde parlamentariok (Junts pel Si eta CUP) emaitzak aztertzeko bilkura deitzeko eskatu zioten Parlamentuko Mahaiari. Erakundeak eskaera onartu eta urriaren 9rako deitu zuen. Beste talde parlamentario batzuek erabaki horren aurka egin zuten, Ganberako araudia urratzen zuela iritzita. Sozialistek babes-helegitea aurkeztu zuten Konstituzionalean, bilkura behin-behinean bertan behera uztea eskatzeko. Auzitegiak onartu egin zuen.
Urriaren 10ean, Puidgdemontek agerraldia egin zuen Parlamentuan. Bertan, "Kataluniako independentzia aldarrikatu, baina horren ondorioak behin-behinean bertan behera uztea proposatu zuen, elkarrizketa abiatzeko".
Salatzaileek hainbat eskubide urratu zitzaizkiela argudiatu zuten
Puigdemontek ez ezik, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak, Oriol Junqueras presidenteordeak, hainbat kontseilarik eta Mahaiko kideek ere jo zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegira.
Salaketan argudiatu zutenez, bilkura bertan behera uzteak euren "adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubideak" urratu zituen, "erreferendumean boto-emaileek emandako iritzia adierazteko modua ez zutela".
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, ordea, ez du uste Puigdemont eta gainerako salatzaileak babesik gabe geratu zirenik. Estrasburgoren iritzian, "premiazko behar sozial" batek bultzatuta hartu zuen erabakia Konstituzionalak, eta hortaz, ondo jokatu zuen.