Politika -
Kartzela politika
Etxeratek salatu du preso baten lagunek auto-istripua izan dutela
Aitzol Iriondori bisita egitera zihoazen hiru lagunek trafiko-istripua izan dute. Moulins-Yzeure Frantziako espetxera bidean zihoazen, Lasarteko jaioterritik 808 kilometrora.
agentziak | erredakzioa
Etxerat euskal presoen senideen elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu datorren astean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan preso baten lagunek izan duten trafiko-istripua salatzeko.
Prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, Aitzol Iriondori bisita egitera zihoazen hiru lagunek trafiko-istripua izan dute. Moulins-Yzeure Frantziako espetxera bidean zihoazen, Lasarteko jaioterritik 808 kilometrora. Dena dela, bidaian aurrera jarraitu dute bisita egiteko asmoz.
Elkarteak salatu du aurten 13 senide edo gertukok izan dituztela istripuak presoak bisitatzera zihoazenean, joanekoan edo itzuleran izandako zazpi ezbeharretan.
Etxeraten arabera, "gaur egun oraindik euskal preso politikoen senide eta lagunen kontrako mendeku eta txantaian oinarritutako politika martxan egotea onartezina da, 400 istripu eragin ditu, 1000 lagun eta senide inguru larriki zauritu, 16 hildako eta euskal gizartearen sektore zabal bat biktima potentzial bihurtu".
Horregatik, elkarretaratzeak deitu ditu hilaren 3an Iruñean, 4an Bilbon eta Gasteizen, eta 5ean, Donostian.