Politika -
'Hemen gaude'
ETAk hildako 15 ertzainen omenezko gune iraunkorra ireki dute Arkautin
Akademiaren barruan jarri dute, eta metxa bat, hamabost txapel eta senideen irudiak eta lekukotzak jasotzen dituen bideo bat daude bertan.
agentziak | erredakzioa
ETAk hildako 15 ertzainek oroimen eta omenaldi gune iraunkorra izango dute aurrerantzean Arkautiko Akademian, Gasteizen, eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu du irekiera ekitaldian.
ETAk hildako agenteen senideak eta hainbat ertzaina ere elkartu dira "Hemen gaude" izeneko gunearen irekiera ekitaldian, Ertzaintzaren Museoan.
"Museo hau bisitatzen duenak eta gure lekukotza entzuten duenak atsekabe handia sentituko du injustizia harengatik. Sekula ezerk ez zuen balio handiago izan zuen senideen bizitzak baino. Hilketa injustizia erradikala eta justifikaezina izan zen", adierazi du Urkulluk.
Hildako hamabost agenteak aipatu ostean, lehendakariak esan du izen bakoitzak bizitako "une mingarri eta injustuenak" ekartzen dizkiola gogora, "gertatu behar ez zen zerbait".
Azpimarratu du ertzaina horiek bizitza eman zutela Ertzaintza defendatzen, eta senideei zuzendu zaie haien ahotsa "terrorismoaren zentzugabekeriarena eta ahanzturarekiko errebeldiarena" dela esateko.
2013tik, ekainaren lehenengo igandean hamabost ertzainek omenaldia jaso izan dute, baina gaurtik aurrera gune iraunkorra egongo da haien omenez. Bertan metxa bat jarri dute, eta agente bakoitzeko argazki eta txapel bana.
Era berean, bideo bat ikus daiteke senideen oroitzapenak eta lekukotzak entzuteko, eta bertaratzen denak sinadura utzi ahal izango du liburuska batean.
Eusko Jaurlaritzaren hainbat sailburu bertaratu dira ekitaldian, tartean Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria eta Legebiltzarreko alderdi guztietako ordezkariak, EH Bildukoak izan ezik.
Gaurko ekitaldian lanean ari zirela hil ziren beste ertzain batzuk ere oroitu dituzte, eta sariak eman dizkiete beste batzuei.