Itxi

2019/06/04

13:17

Politika

AUZITEGI GORENA

Fiskaltzak, 'proces' auziko epaiketaren azken ondorioetan: 'Estatu kolpea izan zen'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Javier Zaragozak ekin dio Ministerio Publikoaren txostena aurkezteari. Fiskalak gogor egin du Junquerasen aurka, eta 'matxinadaren liderra' izatea egotzi dio.

2:36
Javier Zaragoza fiskala
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ia lau hilabeteren ondotik, Kataluniako prozesuaren epaiketa azken txanpan sartu da, eta akusazioek azken txostenak aurkeztuko dituzte gaur. Zehazki, Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak eta Voxek beren tesiak arrazoitu beharko dituzte epaimahaiaren aurrean. Epaiketa zuzenean jarraitu ahal da eitb.eus-en.

Javier Zaragoza fiskala izan da hitza hartzen lehena. Nabarmendu duenez, "Katalunian 2015eko martxotik 2017ko urrira gertatutakoa estatu kolpea izan zen, Hans Kelse juristaren terminologiaren arabera". Era berean, azken hilabete horretan izandako "indarkeria matxinadetan izaten den parekoa" izan zela salatu du.

Zaragozak matxinada delitua arrazoitu du. Izan ere, tipo penal horrek "ez du indarkeria larririk edo indarkeria armatuaren beharrik. Kataluniako prozesua ordena konstituzionalaren kontrako erasoa izan zen, ez ordena publikoaren kontrakoa", azaldu du.

Fiskalak salatu du defentsa biltzeko eta manifestazioak egiteko eskubidearen barruan kokatu nahi izan dituela indarkeriazko, larderiazko eta jazarpeneko ekintzak, baina "frogatuta geratu da", horren ustez, "indarkeria fisikoa, konpultsiboa eta larderiazkoa" egon zela.

Horrela, 12 buruzagi independentistei Espainiako Konstituzioaren kontra egitea leporatu die, "hura ezerezean utzi nahian". "Ordena konstituzionalari modu oso larrian eraso zioten, legez kanpoko prozedurak eta indarkeria erabilita, beharrezkoa zen uneetan", erantsi du.

Zaragozaren ustez, "Katalunian gertatu den eta gertatzen ari den eskubide zibilen urraketa bakarra Konstituzioa defendatzen ari direnak estoikoki pairatzen ari direna da".

"Akusatuek ez dute erantzukizunik onartu nahi", salatu du

12 akusatuen deklarazioei kontra egiten eman du Zaragozak bere azalpenaren tarte bat. Horren ustez, "akusatuei entzunda, ematen du plan hori fikzioa izan dela, amesgaizto bat. Akusatuek ez dute erantzukizunik onartu nahi".

Horri kontrajarriz, "errealitatea" dagoela azpimarratu du fiskalak: "Ez zuten Auzitegi Konstituzionalak emandako 10 auto edo epai bakar bat ere bete, horixe da errealitatea".

"Konstituzioa indargabetu nahi ez zutela zioten, baina Trantsizio Legea onartu zuten. Erreferenduma ondorio juridikorik ez zuen kontsulta bat zela defendatzen zuten, baina zergatik onartu zuten Trantsizio Legearen 4. artikulua, espresuki hori egiteko aukera ematen ziena? Independentzia aldarrikapena sinbolikoa izan zela zioten, baina independentzia aldarrikapen guztiak agiri bat irakurrita egin dira historian zehar".

Zaragoza, Fiskaltzaren azken ondorioak azaltzen. Argazkia: EFE

Junqueras, jomugan

Era berean, fiskalak gogor kritikatu du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiak bere deklarazioan egindako "monologoa", eta "aurrekaririk gabeko zinismo ariketa" izan zela nabarmendu du.

Zaragozaren iritzian, ERCren buruzagia "matxinadaren motor nagusia" izan zen, berak hartu baitzuen Kataluniako prozesuaren "lidergoa". "Denbora luzea eman du hori guztia gerta zedin", erantsi du.

Joaquim Forn Barne kontseilari ohia ere estu hartu du Zaragozak, eta urriaren 1ean "Mossoen erabateko kontrola" izan zuela salatu du.

Junquerasen eta Fornen "bigarrenak" ere ahotan hartu ditu fiskalak: Josep Maria Jove eta Lluis Salvado Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzako idazkari nagusiak, hurrenez hurren (biak auzipetuta daude Bartzelonako epaitegi batek zabaldutako auzian). Zaragozaren esanetan, "erreferendumaren azpiegitura prestatu zuten eta Kataluniako Errepublikaren estatu egiturak sortu zituzten".

Halaber, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko buruzagiak "Bartzelonako ordena publikoaren jaun eta jabe izan ziren", Zaragozaren hitzetan.

Fiskalak Kataluniako prozesu subiranistak hiru zutabe izan zituela adierazi du: Kataluniako Parlamentua (legeak onartzeko), Kataluniako Gobernua ("prozesua makinista nagusia") eta ANC eta Omnium Cultural elkarte zibilak (helburuak lortzeko "ezinbesteko armak").

"Ez daude izan ziren guztiak, baina dauden guztiak badira", laburbildu du.

Fiskaltzaren arabera, 3 milioi euro erabili zuten bidegabe

Consuelo Madrigal fiskalak esan duenez, Carles Puigdemonten Gobernuak "erakunde kriminal" bat bezala jokatu zuen erreferendumaren kostuak ordaintzeko, eta horretarako "delituak estaltzeko maniobrak" eta "estrategia negazionistak" erabili zituen.

Hori esan du bere txandan. Ondasun publikoak bidegabeko erabiltzearen delituaz hitz egin du bere behin betiko ondorioak aurkeztean. Hori egozten die akusatuei. Behin behinean espetxean dauden bederatzien kasuan, uste du bidegabeko erabiltzea funtsezkoa izan zela "Espainiako monarkia parlamentarioa oinarritzen den Zuzenbidezko estatu sozialaren kontrako eraso gaitzesgarrian".

Espetxean ez dauden Carles Mundo, Meritxell Borras eta Santi Vila kontseilari ohiak ere "ondasun publikoen desbideratze guztien erantzuletzat" ditu, eta horregatik desobedientzia eta dirua bidegabe erabiltzea leporatzen dizkie.

Guztira 3 milioi euroko kostua ekarri zuen delitu horren aldeko frogak aurkeztu ditu Madrigalek. Ogasuneko perituen argumentuak bere eginda, kaltea zerbitzua ematean gertatzen dela uste du, gero diru hori ordaindu zein ez.

Horrela, "funtzio publikoen gehiegizko erabilera" egin zuten "erreferenduma antolatzeko gastuak eta ekintzak erabakitzeko, agintzeko, sustatzeko eta babesteko", Auzitegi Konstituzionalak "behin eta berriro" ohartarazi zuen arren U-1arekin lotutako guztia "gelditu eta galarazi" behar zutea.

Esan duenez, Puigdemonten Gobernuak ez zien ebazpenei kasurik egin behin Kataluniako Parlamentuak erreferendumaren legea onartu zuenean, eta horren ostean kontseilariek "aho batez" onartu zuten galdeketa deitzeko dekretua, eta ordu batzuk geroago, 7an, erreferendumaren gastuei aurre egiteko hitzarmen "bateratua eta solidarioa" adostu zuten, "arrakastatsua" izan zedin.

"3 milioi eurorainokoa izan daitekeen diru publikoaren desbideratze baten aurrean gaude, baina kopuru horri erreferendumaren kanpaina artikulatzeko erabilitako diru publikoa gehitu behar zaio", nabarmendu du.

Hitzaldian, Generalitateak erreferendumaren inguruko zerbitzuak emateko kontratatutako enpresariak aipatu ditu Madrigalek, lekuko bezala deklaratu zutenak. Lan horiengatik ez zutela kobratu esan zuten, eta faktura negatiboak igorri zituztela. Fiskalarentzat, mota horretako fakturazioak ez du esan nahi kobratzeari edo ordaintzeari uko egin zitzaionik.

Gainera, gogorarazi du ez zirela egin zizkieten galdera batzuei erantzuteko gai izan. Esan duenez, " administrazioak urtero berritzen dituen kontratuen babes goxotik kanpo bizitzeko eta negoziatzeko beldurraren adierazgarria da isiltasuna".

"Horrela jokatzen dute erakunde kriminalek, eta horrela jokatzen dute autonomia erkidegoko ardura gorenenetan daudenean", esan du Madrigalek.

Consuelo Madrigal eta Fidel Cadena. Argazkia: EFE.

Indarkeria ez dela Kataluniako prozesuaren 'egiturazko elementua' uste du Estatuaren Abokatutzak

Rosa Maria Seoane Estatuaren Abokatutzak bere tesiaren alde egin du epaiketako bukaerako txostenaren aurkezpenean, kasu honetan sedizioagatik akusatuta.

Sedizioa leporatzen die Abokatutzaren Zigor arloko nagusiak, eta ez matxinada delitua, Fiskaltzak egiten duen moduan. Bere ustez, indarkeria ez da akusatuen independentzia lortzeko "planaren egiturazko elementu bat", eta ez zen "modu proportzionatuan" antolatu.

Akusazioak

Auzitegi Goreneko Fiskaltzak 25 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordearentzat, matxinada eta dirua bidegabe erabiltzea leporatuta. Halaber, beste zortzi buruzagi independentistak matxinadagatik zigortzea eskatu zuen.

Estatuaren Abokatuak ere hasierako eskariari eutsi zion: 12 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Junquerasentzat, sedizioa eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita.

Voxek aldaketa txiki bat egin zuen, eta desobedientzia leporatu zion Santiago Vila Enpresa kontseilari ohiari, ez dirua bidegabe erabiltzea. Desobedientziak ez dakar espetxe-zigorrik. Halaber, 74 urteko zigorra eskatu du Oriol Junquerasentzat, matxinada, dirua bidegabe erabiltzea eta talde kriminaleko kide izatea leporatuta. Gainerako auzipetuentzat ere, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak egindakoak baino zigor handiagoak eskatu ditu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;