Politika -
Erreakzioak
Euskal alderdiek zuhurtziaz hartu dute ETAren erabakia
Xantaiaren amaiera "albiste ona" dela adierazi du EAJk. Erabakia "norabide egokian" hartu dutela uste du PSEk. ETA "behin betiko desagertzeko" eskatu du PPk.
Erredakzioa
EAJ
ETAren xantaia bukatzea "albiste ona" dela adierazi du EAJk. Hala ere, zuhurtzia eskatu dute jeltzaleek. "ETAk indarkeria atalka uzteari baino, behin betiko ekintzak bertan behera uztea hobe izango litzateke", erantsi du EAJk.
PSE
ETAren erabakia "norabide egokian" hartu duela esan du Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak, baina "erne egoten jarraitu behar" dela uste du, "ETA behin betiko desagertzea lortzeko".
PP
"Xantairik ez izatea hobe da", ziurtatu du Leopoldo Barreda PPko bozeramaileak, baina ETAren erabakirik "aipagarriena behin betiko desagertzea" izango litzatekeela gaineratu du. Zentzu horretan, erakunde terroristarekin "behin betiko amaitzeko lanean jarraitzeko" dei egin du Barredak, "ekintza terroristak" desagertzeko.
Aralar
ETAk enpresaburuei xantaia bukatu dela jakinaraztea "positibotzat" jo du Aralarrek. "Norabide egokian goazela" demostratzen du horrek, Aralarren esanetan.
EB
ETAren iragarpena "positibotzat" jo du Ezker Batuak, baina "berria" ez dela erantsi du. Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiak komunikatu batean azpimarratu duenez, xantaiaren amaiera duela hilabete batzuk baieztatu zuten patronalek eta ETAk berak, ondorioz, "ez da albiste berria".
UPyD
ETAri xantaia uztea eskertuko ez diola ohartarazi du Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak, "momentuz lapurtzeari uztea erabaki dutelako, baina behin-behineko erabaki bat da".