Politika -
Bildu eta ETA
Rubalcaba: 'Presioak epaileengan, meigak bezala, egon badaude'
Ez dator bat Urkulluren iritziarekin, baina berarekin hitz egingo du Bildu maiatzeko hauteskundeetan egoteko aukerari buruz. ETAren estortsioa "ez da bukaera", baina "albiste ona" da.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordea eta Barne ministroaren hitzetan, presioak epaileengan "meigak bezala, egon badaude". Epaile horiek erabaki beharko dute Bilduk datozen hauteskundeetan parte hartzen duen ala ez; dena den, presio horiek Gobernutik ez datozela argitu du, eta Espainiako epaileak "erabat independenteak" direla erakutsi dute.
Horiek izan dira Rubalcabaren hitzak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan; bertan, Bilduren zerrenden etorkizuna erabakiko duten epaileengan nolabaiteko presioren bat dagoen galdetu diote.
Rubalcabaren esanetan, "alderdi politikoren batek gauzak nolakoak diren ulertu dezan denbora luzea daramat"; "Zuzenbidezko Estatuaren onena da alderdi politikoek eta Gobernuak ez duela Bilduren inguruko azken hitza izango". "Utzi diezaiogun Justiziari lan egiten", eskatu du.
Halaber, Urkulluren adierazpenengatik galdetu diote kazetariek Rubalcabari. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak atzo ohartarazi zuenez, Bilduren zerrenden inpugnazioak eragina izango du EAJ eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanean.
Rubalcabak gogoratu duenez, eztabaida horrek ez du ardurarik eragin behar terrorismoaren eta indarkeriaren aurrean batasuna eta sendotasuna mantentzen den bitartean.
Ildo horretan, EAJ ETAren bukaera lortzeko lanean aritu dela beti defendatu du, eta ondorioz "arinago joateko" eskatu izana ulertzen duela esan du.
ETAk xantaiaren amaiera iragarri die enpresaburuei
Rubalcabaren hitzetan, "albiste ona" da ETAk xantaiaren amaiera iragarri izana enpresaburuei, eta orain EAEko eta Nafarroako enpresaburuek "hobeto lo egingo" dutela gaineratu du.
"Agerian dago hori ez dela amaiera eta bidea indarkeria erabat bukatu arte jarraitu behar da", esan du.