Politika -
Primarioak PSE-EEn
PSE-EEk uztailean aukeratuko du bere lehendakarigaia
Idoia Mendiak jada jakinarazi du primarioetara aurkeztuko dela. Lehendakarigaia aukeratzeko barne-prozesua ekaineko bigarren hamabostaldian abiaraziko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSE-EEren Batzorde Exekutiboak datozen hauteskundeetarako lehendakarigaia aukeratzeko barne-prozesua abian jartzea erabaki du. Primarioak ekaineko bigarren hamabostaldian hasiko dira eta, dena ondo bidean, uztailean amaituko dituzte.
PSE-EEk ohar bidez jakinarazi duenez, egutegia aho batez onartu dute eta hartutako erabakiak PSOEren zuzendaritza nagusiaren babesa jaso du jada.
Halaber, Idoia Mendiak primarioetara aurkeztuko dela baieztatu dio jada PSE-EEren zuzendaritzari, EFE berri-agentziak alderdi horretako iturriak aipatuz zabaldu duenez. 2016ko hauteskundeetan bera izan zen Euskadiko Alderdi Sozialistaren lehendakarigaia.
Prozesua laster abiatuko dute; izan ere, primarioetara aurkezteko abalak lortzeko epea ekainaren 16tik 28ra bitartean izango da. Hautagai bat baino gehiago aurkeztuko balitz, lehendabiziko bozketa uztailaren 13an egingo lukete, eta bigarrena, beharrezkoa izanez gero, uztailaren 20an.
Bestalde, hauteskunde programa idazteko arduradunak ere izendatu ditu PSE-EEk: Begoña Gil eta Alberto Retortillo.