Politika -

AZKEN SAIOA

12 auzipetuen azken hitzak, Kataluniako prozesuaren epaiketan

Auzipetuetako bakoitzak 15 minutuko tartea izan zuen, azken hitzerako eskubidea erabiltzeko txandan. Auzia epaiaren zain dago eta epaia uda osterako espero da.

Kataluniako buruzagi independentistak, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE
Kataluniako buruzagi independentistak, akusatuen aulkian
Kataluniako buruzagi independentisten azken hitza epaiketan

2:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau hilabete eta 52 saioren ondoren, Kataluniako prozesuaren auzia epaiaren zain gelditu zen asteazkenean.

Ahozko epaiketaren azken saioa hasteko, falta ziren defentsa abokatuek beren ondorioak aurkeztu dituzte. Hitza hartzen lehena Marina Roig Jordi Cuixarten abokatua izan zen. Hasiera batean, asteartean hitz egitekoa bazen ere, azken hitzartzea eskatu zuen ondoezik zegoela argudiatuta. Haren atzetik, Olga Arderiu Carme Forcadellen abokatua eta Mariano Berges Dolors Bassaren abokatua mintzatu ziren azkenekoz.

Defentsa abokatuen azalpenak amaitutakoan, 12 auzipetuetako bakoitzak 15 minutuko tartea izan zuen epaimahaiaren aurrean egindako azken mintzaldian.

Aurreko egunean, asteartean, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Jordi Sanchez eta Carles Mundo auzipetuen abokatuek euren ondorioak azaldu zituzten. Matxinadarik eta sediziorik ez zela egon frogatzen ahalegindu ziren eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko deia egin zuten.

Auzipetuen azken hitzak, 12 esalditan

Oriol Junqueras, Generalitateko presidente ohia: "Guztiontzat onena arazoa politikara, politika onaren eremura itzultzea litzateke, negoziazioaren eta akordioaren eremura inoiz atera behar ez zen esparrura itzultzea gaia". 

Oriol Junqueras

Oriol Junqueras. Argazkia: EFE

Jordi Cuixart Omniumeko burua: "Ez daukat inolako damurik, egin nuen guztia errepikatuko nuke berriro", "Manifestazioak egiteagatik, adierazteagatik, mobilizatzeagatik, botoa emateagatik epaitzen gaituzte. Handiusterik gabe, patxadaz esaten dizuet, ziur nago berriro egingo dugula (...) bakean, lasaitasunez, baina determinazio guztiarekin".

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia: "Epaitua izaten ari naiz nire ibilbide politikoagatik, naizena izateagatik, ez nire ekintzengatik".

Jordi Sanchez ANCko buruzagi ohia: "Botere judizialak ezin du arazo politiko bat konpondu, baina zuek erantzukizun bat daukazue, hau da, krisi politikoa ez larritzea".

Joaquim Forn Barne kontseilari ohia: "Gaur epaimahai honen aurrean baldin bagaude politikak porrot egin duelako da, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik zigorra".

Forn

Joaquim Forn. Argazkia: EFE

Jordi Turull kontseilari ohia: "Gutako batzuri burua moztuta ez da ez independentismoa eta ezta hainbat katalanek beren etorkizun politikoa erabakitzeko duten borondatea moztuko (...) Nire ideiengatik eta nire jarduera politikoari uko egin ez niolako nago hemen".

Josep Rull kontseilari ohia: "Askatasun eta itxaropen olatu erraldoi hau geldiezina da, itxaropena beldurra baino indartsuagoa delako, gure atzetik gehiago etorriko direlako. "Herri baten askatasun grina giltzapetzeko kartzela nahikorik ez dago". 

Raul Romeva kontseilari ohia: "Epaiketa politikorik gabeko errealitate bat elkarrekin eraikitzeko deia egiten diet Estatu espainiarreko demokrata guztiei. Gaur gu gara preso politikoak, baina bihar edozein izan daiteke (...) Aulki honetan ez gaude 12 pertsona bakarrik eserita, hemen 2,2 milioi pertsona gaude". 

Romeva

Raul Romeva. Argazkia: EFE

Dolors Bassa kontseilari ohia: "Ez dakit epaiketa politiko batean gauden ala ez, ez naiz ni hori esan behar duena, baina fiskalaren argudioak entzunda baieztatu dezakedana da badagoela azpian oinarri politikoa (...) Zuen epaia ez da bakarrik nire askatasuna izango, hainbat belaunaldiren askatasuna baizik.

Santi Vila, independentzia aldarrikapenaren bezperan dimisioa eman zuen kontseilaria: "Ez dut uste inozoa zenik Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa lortzea posible zela pentsatzea. Puntu honetara nola iritsi garen eta egoera nola zuzendu dezakegun galdetzen diot neure buruari".

Carles Mundo Justizia kontseilari ohia: "Oinarrian izaera politikoa duen auzi bat zigor arloko epaitegi batean amaitzea porrot kolektiboa da (...) Ziur nago irtenbideak bilatzeko garaiz gaudela (...) Epaimahai honek ebatzi beharreko epaiak horrentan laguntzea nahiko nuke".

Meritxell Borras Gobernazio kontseilari ohia: "Norbaitek aintzat hartu beharko luke, nire uste apalean epaimahai honek ere bai, politikari berriak daudela eta Kataluniako herriaren zati batek Europa moderno batean kokatzeko duen desira ez dela amaituko. Demokrazian, guztion gustukoa izango den konponbide egoki eta hitzartua aurkitu beharko dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Auzitegi Gorena albisteak Epaiketak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Kataluniako prozesua zuzenean