Politika -
Atxiloketak
Resistencia Galegako bi ustezko kide atxilotu dituzte
Anton Garcia Matos 'Toninho' eta Asunción Losada Camba dira atxilotuak, 2006tik zeuden ihes eginda, eta beste bi lagun atxilotu dituzte haiekin batera.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak Resistencia Galega taldeko bi ustezko kide atxilotu zituen larunbatean Vigon, Espainiako Barne Ministerioko iturriek albiste-agentziei jakinarazi dietenez. Anton Garcia Matoz 'Toninho' eta Asunción Losada Camba dira atxilo hartutakoak.
Biak 2006tik zeuden justiziatik ihesi, eta Auzitegi Nazionaleko 4 eta 6 zenbakidun instrukzio epaitegiek emandako errekisitoriak oinarri hartuta atxilotu dituzte. Erakunde armatuko buruzagi izatea, lehergaiak edukitzea eta garraiatzea eta agiriak faltsutzea egotzi diete.
Atxilotu dituztenean, taldeko ustezko kolaboratzaile batekin zeuden Garcia eta Losada, eta hori ere atxilotu zuten agenteek. Igandean, laugarren pertsona bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Oxen herrian (Ourense).
"Borroka armatuarekin jarraitzeko deia" egiten zuen bideo bat grabatu zuen Garcia Matosek 2014ko uztailaren 18an. Ordudanik ez zegoen haren berririk.
Atxilotuak datozen orduetan eramango dituzte Madrilera, epaileen esku uzteko.
Guardia Zibilak indarkeriazko 60 ekintza egozten dizkio Resistencia Galegari. Ekintza asko etxean egindako lehergailuz egin zituzten, baina ez zuten biktimarik eragin. 2014ko urriaren 1ean egin zuen azkena: lehergailu bat zartarazi zuen Barallako (Lugo) udaletxean.
Dena dela, Auzitegi Nazionaleko hainbat epaik Poliziaren tesien kontra egin dute, Resistencia Galega "erakunde terrorista" existitzen dela esateko frogarik ez dagoela nabarmenduta.