X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Erreakzioak
Ares: 'Hauteskundeak ez dira bertan behera geratu indarkeriagatik'
Hauteskundeak "ez dira sekula bertan behera geratu", Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren hitzetan, "ezta hautagaiak hil dituzten une lazgarrietan ere".
Erredakzioa
Euskadin sekula ez dira hauteskundeak bertan behera geratu, nahiz eta hautagaien hilketak une "lazgarriak" izan edo alderdiek mehatxuak jaso, gogorarazi dio gaur Bilduri Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak.
Eusko Jaurlaritzako Irekia webgunean eta Twitter sare sozialaren bidez Internet erabiltzaileekin bilera izan du arratsaldean Aresek. Maiatzaren 22ko hauteskundeetan parte-hartzea debekatu dio Bildu koalizioari Auzitegi Gorenak eta galdera gehienak gai horren inguruan izan dira.
Hauteskundeak "ez dira sekula bertan behera geratu", Herrizaingo sailburuaren hitzetan, "ezta hautagaiak hil dituzten une lazgarrietan ere". Alderdi askok urteetan zehar mehatxuak jaso dituzte eta herri askotan hauteskundeetara aurkeztea ezinezko izan zaie, Aresek gogorarazi duenez.
Aresen ahotan, Bildu hauteskundeetan parte hartu edo ez botere judizialak erabaki beharko du Zuzenbidezko Estatu batean. Auzitegien erabakia zeinahi izan Eusko Jaurlaritzak onartu egingo duela errepikatu du sailburuak.
Indarkeriarik ez dagoen bitartean ideia guztiak defendatzeko eskubideaz galdetu diote Aresi. Indarkeria oraindik amaitu ez dela gogorarazi du agintariak, nahiz eta ETAren su-etena izan, erakunde terroristak ez du ekintza terrorista guztien amaiera iragarri.