Politika -

Frantzia

Josu Urrutikoetxea aske geratu da, kontrol judizialpean

Urrutikoetxeari pasaportea kendu diote, ezingo da Frantziatik irten eta astean behin Parisko polizia-etxe batean agertu beharko du.

Josu Urrutikoetxea
Josu Urrutikoetxea
Josu Urrutikoetxea

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxea, jada deseginda dagoen ETAko buruzagi politiko ohia omen zena, kontrol judizialpean, aske utzi du Parisko Apelazio Auzitegiak asteazken honetan, maiatzean Alpeetan atxilotu ostean.

Kontrol judizialpean aske egoteak esan nahi du ezingo dela Frantziatik irten, eta astean behin Paris erdiguneko polizia-etxe batean agertu beharko duela.

Urrutikoetxea Parisko Apelazio Auzitegiaren aurrean izan da gaur, ihesean zegoela ezarri zioten zazpi urteko zigorraren zein behin-behineko kartzelaldiaren aurka aurkeztutako helegiteak tarteko.

Maiatzaren 16an atxilotu zuten 'Josu Ternera' ezizenez ere ezagutzen dena, eta egun horretan bertan kartzelatu zuten.

Defentsako abokatuek bistan nabarmendu dutenez, Urrutikoetxearen osasun egoera espetxean egotearekin bateraezina da. Gaixo dago, eta ebakuntza egin behar diote.

Asteazkeneko hori Urrutikoetxeak ekainean izan behar duen lehen bista da. Hilaren 28an berriro jesarriko da akusatuen aulkian, Parisko Auzitegian, ihesean zegoela ezarritako beste zigor bati jarritako helegite bat dela eta.

Horrez gain, Madrilgo Auzitegi Nazionalak Espainiaratzea eskatu du, 1987an Zaragozako kuartel-etxearen kontra izandako atentatua egozten baitio.

Eskaera hori Parisko Apelazio Auzitegiak aztertu behar du, baina oraindik ez da datarik zehaztu. Urrutikoetxearen abokatuek ez dute jakinarazpenik jaso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Paris Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak