Politika -
Bilera sorta
Aurrekontuen markoa gainditzen duten 'baldintzak' ez jartzea eskatu du Azpiazuk
Bestalde, koalizioarekin akordio bat itxi nahi baldin badu, "ateraldiak" alde batera utzi eta PPren babesa bilatzeko "pentsatutako" proiektu bat baztertu beharko duela esan dio Iriartek Jaurlaritzari.
Agentziak | Erredakzioa
2020ko kontuen negoziazioa aurrekontuen "joko zelaira" mugatzea eskatu die Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak oposizioko alderdiei, marko hori gainditzen duten "baldintzak" jarri gabe.
Azpiazu EH Bildurekin bildu da astearte honetan, 2020rako Aurrekontu Lege proiektua prestatzeko orduan Exekutiboaren ildo ekonomiko nagusiak zeintzuk izango diren azaltzeko. Iragan astean PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bildu zen.
Bilera amaitu ondotik prentsaurrekoa eman du sailburuak Gasteizen. Gobernuak datorren urtean aurrekontuak nahi dituela argi utzi du Azpiazuk, aurtengoak luzatu ondoren. Horretarako, "alderdi guztiekin" negoziatzeko prest agertu da, baina negoziazioa aurrekontuen markora mugatu eta arauak errespetatu behar direla zehaztu du.
PPk PFEZ zergaren beherakada bat baldintza bezala jarri zuen. 2017an erreforma fiskala Alderdi Popularraren babesarekin onartu zenean emaitzen azterketa 2020an egitea adostu zutela gogorarazi du sailburuak. Horregatik, "epeak eta konpromisoak" errespetatzea eskatu du.
EH Bildu oraingoan "benetako negoziazio eraginkor" batean sartzeko "itxaropena" azaldu du Jaurlaritzako ordezkariak. Era berean, Elkarrekin Podemosen "jarrera ezberdin bat" nabaritu duela adierazi du, baina zertan zehazten den ikusi beharko da.
Bestalde, koalizioarekin akordio bat ixtea nahi baldin badu, "beste modu batera" jokatu beharko duela ohartarazi dio Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari. "Ateraldiak" alde batera utzi eta PPren babesa bilatzeko "pentsatutako" proiektu bat baztertu beharko duela erantsi du.
Ia ordubeteko batzarrean, Jaurlaritzak "xehetasunik edo zehaztasunik" eman ez duela esan du EH Bilduko ordezkariak, "normala" den bezala; izan ere, aurtengo diru-bilketa nola itxiko den ez dakite oraindik, eta ez dago aurrekontuaren zirriborro bat ere.
Hala eta guztiz ere, Exekutiboari "herri bezala egiturazko gehiengo bat" bermatu diezaiokeen indar politiko bakarra EH Bildu dela ziurtatu du Iriartek, Gobernuaren "paralisiarekin" amaituko duten politikak bultzatzeko.
Koalizioak "akordiorako borondatea" duela azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, baina beti ere Jaurlaritzak "egiturazko" proposamenak jasotzen baldin baditu. "Ez dugu argazkirik nahi, bidea egitea baizik", azaldu du.
Azkenik, aurrekontuak negoziatzeari uko egitea eskatu die Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi. Elkarrizketan murgiltzea "murrizketak negoziatzea" izango dela ohartarazi du Lakuntzak.
Sindikatu abertzaleko buruzagiak prentsaurrekoan eman du Bilbon. Lakuntzaren ahotan, "Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen hasten zarenean ez dago tarterik; murrizketak negoziatuko dituzu; ezkerrak hori oso argi izan behar du".
Espainiako Gobernuaren "gastu-muga" betetzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, eta horrek kontuak sozialak izatea "eragozten" du, ondorioz "murrizketak mantentzera" bideratuko dituzte, erantsi duenez.