Politika -
Presoen alde
Hiru pertsona atxilotu dituzte ANak Arrasaten debekatutako ekitaldian
Hainbat pertsona Biteri plazaren inguruan bildu dira. Jon Agirre ETAko preso ohia balkoi batean agertu da "Biziarteko kartzela zigorrik ez" zioen kartelarekin.
Erredakzioa
Hiru pertsona atxilotu dituzte Arrasaten, Gipuzkoan, presoen eskubideen aldeko ekitaldian parte hartzen ari zirela. Ekitaldia debekatu egin du goizean Auzitegi Nazionalak Jon Agirre ETAko preso ohiarentzako omenaldia zela ulertzean.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, atxiloketak 18:30ak aldera egin dituzte, hainbat pertsona Biteri plazaren inguruetan bildu denean. Bertara Jon Agirre hurbildu da eta ondoren balkoi batera atera da ekitaldiaren leloa idatzita zeukan kartelarekin: "Biziarteko kartzela zigorrik ez".
Momentu horretan, Ertzaintza elkarretaratzea desegiten saiatu da eta hiru pertsonak bertan jarraitzeko asmo sendoa agertu dute. Hori dela eta, atxilotu egin dituzte. Larunbat goizean, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak 18:00etarako deitutako ekitaldia debekatu egin du "Jon Agirre ''Elurtxun'' ETAko preso ohiari omenaldia egiteko ekitaldia" zela ulertuta. Agirre maiatzaren 3an atera zen kartzelatik 30 urte bete ondoren.
Velascoren erabakiak Fiskaltzaren babesa izan du eta Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak egindako txostenetan oinarritzen da. Txosten horietan, protestaren antolatzaileak "ETAren aldekoak" zirela esaten zuten.