Politika -

Katalunia

Kataluniako batasun soberanistak 'hondoa jo' du

Bartzelonako Aldundian JxCATek eta PSCk egindako itunak hautsak harrotu ditu. Bloke soberanista "inoiz baino zatituago" dagoela adierazi du Elsa Artadik.

Elsa Artadi JxCATeko buruzagiaren artxiboko argazkia. EFE
Elsa Artadi JxCATeko buruzagiaren artxiboko argazkia.
Elsa Artadi JxCATeko buruzagiaren artxiboko argazkia. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako Aldundian PSCk eta JxCATek egindako itunak hautsak harrotu ditu, Kataluniako Gobernuko kideen artean, eta Kataluniako batasun soberanistak "hondoa jo" du.

Ardura elkarri aurpegiratuz eman dute asteburua eta gaur autokritikarako eta irtenbideak bilatzeko eguna izan da, baina ez da inolako urratsik izan.

Zuzendaritza bilera amaituta, Elsa Artadi JxCATeko buruzagiak publikoki onartu du batasun soberanistak "hondoa jo" duela eta "inoiz baino zatituago" dagoela.

Hala ere, konponbidea bilatzeko deia egin du eta JxCAT Bartzelonako Aldundiko ituna bertan behera uzteko prest egongo litzatekeela esan du, baina baldintza bat jarri du: ERCk hamarnaka udaletan PSCrekin egin dituen akordioak balio gabe uztea.

ERCren zuzendaritzak aukera hori baztertu du eta beste eskaintza bat luzatu dio: Bartzelonako Aldundian PSCrekin duen akordioa haustea eta presidentetza ERCren babesarekin eskuratzea.

Eduard Pujol JxCATeko bozeramaileak esan du ERC itxurak egiten ari dela, Aldundian agintzeko komunen babesa ere ezinbestekoa litzatekeelako eta kontra daudelako.

Testuinguru horretan, bi alderdietako ordezkarien bilera egin dute arratsaldean ERCk Bartzelonan duen egoitzan. Ordubeteko batzarra izan da eta bakoitzak bere jarrerari eutsi dio. Beraz, ez da inolako aurrerapausorik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Junts per Catalunya gaur