Politika -

Ermuan

Alderdi politiko guztiek omenaldia egin diote Miguel Angel Blancori, 22. urteurrenean

Bizkaiko udalerriak antolatutako ekitaldian ETAk orain dela 38 urte hil zuen Sotero Mazo ere omendu dute.

Lore eskaintza. Argazkia: EFE.
Lore eskaintza.
Lore eskaintza. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ermuak (Bizkaia) omenaldia egin die PPko zinegotzi Miguel Angel Blancori eta Sotero Mazo ile-apaintzaileari, euren hilketen 22. eta 38. urteurrenetan, hurrenez hurren. Udaleko talde politiko guztiek hartu dute parte, baita beste erakundeetako ordezkariek ere.

Omenaldian, Ermuko alkateak, Juan Carlos Abascal sozialistak, "oraindik ETAko presoei omenaldiak egiten dizkieten pertsonak eta taldeak daudela" salatu du. Horrez gain, adierazi du "etorkizun desberdin baten" eraikuntza ezin dela "iraganaren oroimenaren oinarrian" egin.

Ermuko Udalak San Pelayo parkeko monolitoan egin du omenaldia. Bertan izan dira, besteak beste, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Jesus Loza, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren zuzendaria, Florencio Dominguez, eta ETAk hildako Fernando Buesa sozialistaren alabetako bat.

Udal talde politiko guztietako ordezkariak izan dira, baita EH Bildukoak ere. Ekitaldia Juan Carlos Abascal alkateak ireki du. Bi kasuetan "pertsona sinpleak krudeltasun esplikaezina eta harrigarria erabilita" hil zituzten. Gogorarazi duenez, biek "jatorri apalak, kantabriarrak eta galiziarrak" zituzten, eta "gure lurraren dibertsitatearen, pluraltasunaren eta multikulturaltasunaren erakusgarri" ziren.

Alkateak salatu duenez, "eskubiderik oinarrizkoena hautsi zuten: bizitzarako eskubidea; hori gabe ez dago beste eskubiderik". Edozein kasutan, nabarmendu duenez, Ermuan "ETAk Miguel Angel Blanco eta Sotero Mazo hil zituen, baina ez zituen bere helburu totalitarioak lortu eta ez zigun gure duintasuna kendu".

Abascalek aldarrikatu duenez, gainera, "ezin dugu gehiago isiltasunean jarraitu" faxismoen aurrean, eta "etorkizun desberdin bat eraiki nahi izateko ilusioa eta uste sendoa izan behar ditugu".

"Elkarrekin bizi behar gara, eta hau da hartu behar dugun konpromisoa: etorkizuneko belaunaldiei gizarte hobe bat uztea, baina ez iragana ahaztuta, faxismoak eta fanatismoak bultzatu dituzten akatsak ez errepikatzeko", esan du.

Salatu duenez, "tamalez, indarkeriazko ekintzak justifikatzen jarraitzen duten pertsonak eta taldeak daude, ustezko gatazka baten erantzun logiko bat zirela esanez". "Oraindik ETAko presoei omenaldiak egiten dizkieten pertsonak eta taldeak daude; horiek bere ikuspegi totalitarioa ezartzeko beldurra erabili zuen talde terrorista baten parte izateagatik daude preso", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Ermua ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak