Politika -

GIPUZKOA

PPk espedientea zabaldu dio Juan Carlos Cano Gipuzkoako batzarkide popularrari

PPk Gipuzkoan duen batzarkide bakarrak EH Bilduko hautagaiaren alde egin zuen Giza Eskubideen Batzordeko presidentea aukeratzeko bozketan. Hankasartzea izan zela eta barkamena eskatu zuen.

Iñaki Oyarzabal, Amaya Fernandez eta Juan Carlos Cano, artxiboko irudi batean. EFE
Iñaki Oyarzabal, Amaya Fernandez eta Juan Carlos Cano, artxiboko irudi batean
Iñaki Oyarzabal, Amaya Fernandez eta Juan Carlos Cano, artxiboko irudi batean. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak (PP) espedientea ireki dio Juan Carlos Canori, PPk Gipuzkoan duen batzarkide bakarrari, Giza Eskubideen Batzordeko presidentea aukeratzeko bozketan EH Bilduren hautagaia babesteagatik.

Atzo alderdiaren Madrileko egoitzan Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak eskainitako prentsaurrekoan aurreratu zuenez, "bitarteko egokien bidez beharrezko azalpenak" ematea eskatuko diote Juan Carlos Canori. "Espediente informatibo horren bitartez kontu horiek argitu nahi ditugu, Espainia osoak jakin dezan PPk ez duela zerikusirik Bildurekin", azpimarratu zuen Garcia Egeak.

Juan Carlos Cano berak ostiralean zabaldutako oharrean azaldu zuenez, nahastu egin zen botoa ematerakoan. Aldi berean, EH Bildurenganako duen gaitzespena erabatekoa dela gaineratu zuen.

Borja Semper PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile eta Donostiako zinegotziaren esanetan, "zentzugabekeria" hutsa da Canori espedientea zabaltzea. "Bozketan nahastu egin zen (bere botoak ez zuen ezer aldatu). Aurrez, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu ados jarri ziren EH Bilduk Giza Eskubideen Batzordeko presidentetza izan zezan". Semperren hitzetan, Canok barkamena eskatu zuen eta gertaturikoa argitu zuen. Halaber, Canok ETAren jazarpena jasan zuela gogoratu zuen Semperrek.

Bestalde, Euskadiko PPk ere gogor gaitzetsi zuen Madrilgo zuzendaritzaren erabakia. Ildo horretan, Canoren botoak azken emaitzan ez zuela ondoriorik izan nabarmendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Gaurko albisteak Gipuzkoa Alderdi politikoak berriak Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak Albisteak