Politika -

EH Bildu

Mertxe Aizpurua: 'Hauteskundeak berriro deitzea arduragabekeria historikoa litzateke'

Aizpuruak esan du EH Bilduk ez duela oraindik erabaki Pedro Sanchezen inbestiduran zer egingo duen, ez baitaki Espainiako Presidentetzarako hautagaiak zer eskaintzen duen.

Mertxe Aizpurua, Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo, asteazkeneko bileran. Argazkia: EFE
Mertxe Aizpurua, Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo, asteazkeneko bileran
Mertxe Aizpurua, Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo, asteazkeneko bileran. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak asteazken honetan egindako adierazpenen arabera, hauteskundeak berriro deitzeak eskuinari atea irekiko lioke, eta, beraz, "arduragabekeria historikoa" litzateke.

Bilbon komunikabideen aurrean egindako agerraldian Aizpuruak esan duenez, EH Bilduk ez du oraindik erabaki Pedro Sanchezen inbestiduran zer egingo duen, ez baitaki Espainiako Presidentetzarako hautagaiak zer eskaintzen duen.

Koalizio abertzaleko diputatuaren iritzian, beldurra ematen du inbestidurak huts egitea eta, ondorioz, hauteskundeak aurreratu behar izatea; izan ere, horrek "eskuinari atea zabalduko lioke".

Aizpuruaren esanetan, hauteskundeak deituta argi geratuko litzateke Espainian ezkerreko alderdiek ez dutela ados jartzeko gaitasunik.

Ezkerreko indarren arteko akordioa gorabehera, Aizpuruak argi utzi du eskuinari "betoa" jartzea izan dela betidanik EH Bilduren asmoa. Horregatik, eskuineko gobernua saihesten ahaleginduko dira, baina horretarako, botoa nori eman erabakitzeko, "eskaintzaren bat" jaso beharko dute lehenago. "Herritarrei zer eskaintzen dieten jakin behar dugu", gaineratu du.

Halere, Aizpuruaren hitzetan, PSOE ez da EH Bildurekin harremanetan jarri. "Lerro gorriez ahaztu behar dira sozialistak, eta betoak nahiz amorrua alde batera utzi behar dute, tamalgarria baita", azaldu du.

"Herritarrak bezala, gu ere nazkatuta gaude politikarien jarrerarekin. Berez, aukera honetaz baliatu beharko lirateke ezkerreko gobernua osatzeko. Dena den, ez dakigu lortuko duten, ezta horretan ahalegin osoa jarri duten ere", azpimarratu du.

Bukatzeko, Aizpuruak gogorarazi du ERCrekin akordioa dutela "legealdi osoan jarrera bateratuak izateko". Horregatik, printzipioz, bi alderdietako diputatuen botoa berdina izango da inbestidura saioan, "bakoitzak autonomia tarte bat duen arren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak