Politika -
Madrilen
Biktimek Bilduren legezkotasunaren aurkako manifestazioa egin dute
Jaime Mayor Oreja Europako Parlamentuko PPko bozeramaileak Bildurena "hauteskundeei begira egindako lurreratzea" dela esan du, "ondoren Portu legeztatuko dute, ETAren alderdia".
Erredakzioa
Terrorismoaren biktimek Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontrako manifestazioa egin dute Madrilen. Erabaki horretan, Konstituzionalak maiatzen 22ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko baimena ematen zion Bildu koalizioari. ''Espainiari egindako traizioaren aurrean, ETA erakundeetatik kanpo'' lelopean egin dute manifestazioa.
Manifestariek Bildu "ETAren beso politikotzat" hartzen dute eta koalizioa erakundeetan izatearen kontra agertu dira. Horrez gain, Zapateroren eta Rubalcabaren dimisioak oihuka eskatu dituzte.
Protesta ''Voces contra el Terrorismo'' Francisco Alacarazen plataformak deitu du baina biktimen gainontzeko plataforma ia guztien babesa jaso du.
Jaime Mayor Oreja Europako Parlamentuko PPko bozeramailea alderdi ''popularraren'' ordezkaritzaren buru izan da protestan. Bere hitzetan, maiatzaren 22ra arte ETAk eta Gobernuak "adostutako proiektua" pausoz pauso betetzen ari da. "ETA baino, PP isolatzea da helburua", gaineratu du.
Mayor Orejak aurreikusitakoaren arabera, Sortu ere legeztatuko dute. "Bildu hauteskundeei begira egindako lurreratzea da, baina ondoren Sortu legeztatuko dute, ETAren alderdia", azpimarratu du.
Manifestazioa 17:00etan hasi da, terrorismoaren biktimen oroimenez egindako minutu bateko isilunearekin. Lorcako lurrikaretako biktimak ere gogoan izan dituzte.