Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Baliteke Konstituzionalak 'Parot doktrina' bertan behera uztea

El Pais egunkariaren informazio baten arabera, Konstituzionaleko bi geletako gehiengoa Gorenaren epaia baliogabetzearen alde dago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datozen egunetan Auzitegi Konstituzionalak "Parot doktrina" bertan behera utziko duen erabakiko du. El Pais egunkariaren arabera, Konstituzionaleko “gehiengo nahikoa" ETAko preso askoren helegiteak aztertzearen alde dago.

Hortaz, Auzitegi Gorenak 2006ko otsailean onartutakoa bertan behera geldituko litzateke; formula horrek 1973ko Zigor Kodean oinarrituta odol delitu asko leporatuta zigortu zituzten ETAko presoen kartzela zigorra luzatzea ahalbidetzen du.

El Pais-en arabera, "Konstituzionaleko kideen iritzi ezberdinak" agerian gelditu dira Auzitegiaren eztabaiden eta bozketen ondorioz. Bigarren Gelan botoak oso berdinduta daude, eta presidentearen aldeko botoak desegingo luke berdinketa.

Lehen Gelan, aldiz, bost epaile daude eta gehienak epaia baliogabetzearen alde daude (aldeko hiru boto eta kontrako bost daude). Beraz, guztira, aldeko sei boto eta kontrako bost daude, eta emaitza horrek "Parot doktrina" bertan behar uztea ekarriko luke.

Kaltedunek aurkeztutako helegiteak eztabaidatzen ari da Auzitegi Konstituzionala egun hauetan. "Parot doktrina" bertan behera utziz gero ETAko 60 bat kide aske gera daitezke datozen hilabeteetan.

Kasuz kasu aztertzea

"Parot doktrina" aplikatu izan zaien presoek (horietariko asko ETAko presoak) aurkeztutako errekurtsoak "banan-banan" ebatziko dituela iragarri du Konstutzionalak. Honenbestez, auzitegiak ez du Auzitegi Gorenaren doktrina onartzeko edo indargabetzeko erabaki bakarrik hartuko.

Konstituzionaleko iturriek jakinarazi dutenez, gaia ez dute sakon eztabaidatu oraindik, baina doktrina eztabaidatzeko modua aspaldi erabaki zuen auzitegiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea