Politika -

Alternatibak

Kapitalismoaren aurrean beste eredu batzuk aldarrikatuko dituzte 'kontra-gailurrean'

"Munduko boteretsuek Miarritzeko kaleak Polizia Armatuarekin bete dituzten bitartean, beste mundu bat posible dela" aldarrikatuko dute, "airez, lurrez eta itsasoz".

G7 EZ eta AlternativesG7 plataformak 'kontra-gailurraren' aurkezpenean. Argazkia: EFE
G7 EZ eta AlternativesG7 plataformak 'kontra-gailurraren' aurkezpenean. Argazkia: EFE
G7 EZ eta AlternativesG7 plataformak 'kontra-gailurraren' aurkezpenean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 19tik 25era Irun eta Hendaia artean antolatutako “kontra-gailurraren” xehetasunak eman dituzte astelehen honetan G7 EZ eta AlternativesG7 plataformek, Ficoban egindako agerraldian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “munduko boteretsuek Biarritzeko kaleak Polizia Armatuarekin bete dituzten bitartean, beste mundu bat posible dela” aldarrikatuko dute haiek, “airez, lurrez eta itsasoz”.

Gauzak horrela, Biarritzen bilduko diren "G7ko estatuburuen politiken aurrean, gizarte mugimenduen indarra” erakutsi nahi diote munduari. Halaber, kapitalismoa ordezkatu dezaketen beste eredu jakin batzuk mahaigaineratuko dituzte, “itxaropen mezu bat zabalduz”.

Euskal Herriko, Frantziako eta nazioarteko "gizarte mugimendu askok” hitzordu horretan parte hartuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek, eta “munduko boteretsuek Biarritzeko kaleak Polizia Armatuarekin bete dituzten bitartean", haiek "beste mundu bat" posible dela aldarrikatuko dute, “airez, lurrez eta itsasoz”. “Beste eredu batzuk daude eta horiek bultzatu nahi ditugu”, esan dute G7 EZ eta AlternativesG7 plataformetako ordezkariek.

Kontrajarritako bi munduren lekuko izango gara aste honetan”, esan du Itziar Fernandez G7 EZ plataformako kideak. Alde batetik, “ekonomiaren ikuspuntutik aberatsak” diren zazpi herrialdeetako estatuburuak bilduko dira G7aren gailurrean. Ildo horretatik, Biarritzen “herritarrengandik isolatutako eta aldendutako neurriz kanpoko segurtasun dispositiboa” ezarri dutela salatu du.

Dirudunen eta multinazionalen zerbitzura dauden politiken inguruan eztabaidatzera datoz Biarritzera; gaur egungo gizarte desberdintasun larriak handituz eta gure planetak pairatzen duen hondamendi ekologikoa areagotuz”, azpimarratu du Fernandezek.

Horren aurrean, “tokian tokiko eredu propioen aberastasuna erdigunean jartzea du helburu” Euskal Herriko gizarte eragileek antolatutako “kontra-gailurrak”. Hala, Fernandezek nabarmendu du “irekia, plurala eta aldarrikatzailea” izango dela “lurraldean oinarritutako” hitzordua. Gainera, “kontra-gailurra” hasi baino lehen, arrakasta lortu duela ziurtatu du.

Bideoa | Kontragailurrak mundu osoko gizarte mugimenduen ordezkarien topaleku izan nahi du:

Kontragailurrak mundu osoko gizarte mugimenduen ordezkarien topaleku izan nahi du
Kontragailurrak mundu osoko gizarte mugimenduen ordezkarien topaleku izan nahi du
Kontragailurrak mundu osoko gizarte mugimenduen ordezkarien topaleku izan nahi du

1:12

Kanpaldia eta jarduerak

Bestalde, Frantziako Gobernuak jarri dituen "oztopo guztien gainetik”, hitzaldiak eta bestelako ekintzak antolatzea lortu dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Besteak beste, eztabaida ugari egingo dituzte Euskal Herriko, Frantziako eta nazioarteko gizarte mugimenduen ordezkariekin.

Horrez gain, Amaia Rubio G7 EZ plataformako kideak azaldu du Urruñan kokatuko den kanpalekuak 2.000 pertsona hartzeko gaitasuna izango duela, eta denetarik izango duela: dutxak, otorduak, segurtasuna, Gurutze Gorria eta medikuak. Halaber, kontzertuak eta aire libreko zine emanaldiak antolatu dituzte. Horrez gain, hainbat jarduera egingo dituzte gaztetxean, Hendaiako eskolan eta Kaneta portuan.

Guneak aparkalekuak izango ditu, baina tren-zerbitzua eta autobusak erabiltzea aholkatu dute antolatzaileek. Izan ere, Ficobarekin lotutako autobus-zerbitzu berezia prestatu dute, hitzaldi gehienak bertan izango baitira. Gainera, gune berezi bat prestatuko dute ‘txaleko horientzat’.

“Kontra-gailurrean” hitzaldi, eztabaida eta tailer ugari egingo dituzte, lau hizkuntzetan (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Asteazken honetan hasiko da, 09:30ean (Ficoban) eta ostiralean (18:00etan) itxiko ditu ateak, “herritarren bilera batekin”. Dena dela, Irun eta Hendaia artean larunbaterako deituta dagoen manifestazio “jendetsua” da ekitaldi aipagarrienetarikoa.

Bideoa | Topoa ez da Hendaiaraino heltzen, G7aren bilera dela eta:

Topoa ez da Hendaiaraino heltzen, G7aren bilera dela eta
Topoa ez da Hendaiaraino heltzen, G7aren bilera dela eta
Topoa ez da Hendaiaraino heltzen, G7aren bilera dela eta

1:39
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Baiona Biarritz Hendaia Eguneko albisteak Irun Albisteak G7 goi-bilera