Politika -
Gobernu bilera
Erakundeetatik Bilduk bakea lortzen laguntzea espero du Jaurlaritzak
Idoia Mendia bozeramaileak aitortu du koalizio abertzaleak "emaitza onak" izan dituela, baina arrakasta hori "zuhurtziaz kudeatzea" eskatu dio.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Patxi Lopez lehendakariaren Exekutiboak espero duela Bildu erakundeetan egotea "lagungarri" izatea "egonkortasuna eta bakea" lortzeko.
Gobernu bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan, Mendiak aitortu du koalizio abertzaleak "emaitza onak" lortu dituela, "batik bat Gipuzkoan, baina Araban eta Bizkaian ere bai". Nolanahi ere, emaitza hori "zuhurtziaz" kudeatzea eskatu dio.
Eledunak gogorarazi du Jaurlaritza ez dela aurkeztu hauteskundeetara, eta beraz, baztertu egin du Gasteizko Gobernuan aldekatak izatea. Hori horrela, Jaurlaritzak lanean jarraitzeko "borondate irmoa" duela nabarmendu du.
Mendiak saihestu egin du balizko itunei buruz hitz egitea, hori "alderdien lana" baita.