Politika -

Elkarrizketa ETBn

Basagoiti: 'Gipuzkoa ezin dugu Bilduko antisistemen esku utzi'

PPren EAEko presidenteak EAJri ohartarazi dio Gipuzkoako Aldundian Bilduri agintzen uztea, "Batasunarekin ituna egitea" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak ohartarazi du "ezin" dutela Gipuzkoa "Bilduko antisistemen esku utzi", koalizio abertzaleak hauteskundeetan lurralde horretan lortu duen garaipenari eta PPk PSEri eta EAJri eskaini dien itunari erreferentzia eginez.

ETBren Egunon Euskadi saioan egin dioten elkarrizketa batean, Basagoitik azpimarratu du erakundeetan lasaitasuna lortzeko "bermea" izango litzatekeela EAJ-PP-PSE ituna, izan ere, "ezin diogu Bilduri utzi garapen ekonomikoaren eta askatasunaren ardura". Izan ere, koalizioaren politika ekonomikoa "Berlingo harresiaren aurrekoa" dela uste du, eta Aldundia bere esku geratzen bada, Gipuzkoa "Harri Arora" itzuliko dela.

Basagoitiren arabera, koalizio abertzalea "antisistema batzuek" osatzen dute, zerga eta ogasun alorrari dagokionez. Horren harira, EAJri ohartarazi dio Gipuzkoan Bilduri gutxiengoan agintzen uztea "Batasunarekin ituna egitea" izango litzatekeela: "EAJk bi aukera ditu: Batasunaren ahoan jarri patatekin jan dezan edo gainerako alderdiekin akordioetara iritsi".

Hauteskundeetako emaitzak

Buruzagi popularrak uste du bere alderdiak emaitza onak lortu dituela udal eta foru hauteskundeetan. EAJk berriz,ordezkari "puska bat" galdu duela uste du, eta PSEk "erakunde guztiak" galdu dituela. Basagoitiren esanetan, EAJren eta PSEren botere galera "Bilduri egin dioten kanpainagatik" izan da, eta alderd horiek merezitako emaitzak izan dituztela uste du, baina euskal gizarteak ez zituela "merezi" gaineratu du.

Hauteskunde orokorrak

Estatuari dagokionez, PPren presidenteak "ahal bezain laster" hauteskunde orokorrak deitzea eskatu du, ezin baita "behin behineko gobernu bat" onartu "beste urtebete".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea