Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Prietok EAJ-PP-PSE itunaren alde egin du

PSE-EEren Arabako ahaldun nagusigaiak uste du PPren proposamena "zentzuzko aukera bat" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txarli Prieto PSE-EEren Arabako ahaldun nagusigaiak babesa eman dio PPk atzo egindako proposamenari, hau da, ahal duten erakunde guztietan EAJk, PPk eta PSEk akordioa eginez alderdi bozkatuenari agintea ematea eta Bilduri bidea galaraztea babestu du.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Prietok azaldu duenez, PPren planteamendua "zentzuzko aukera bat da" eta horixe pentsatzen du PSE-EEren exekutibak ere.

Dena dela, hauteskunde osteko itunen politikak hiru lurraldeetan "gogoeta bateratua" behar duela zehaztu du, irtenbidea "zabala" izateko.

Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak alderdi bozkatuena errespetatzeko egindako proposamena ere begi onez ikusi du Prietok, izan ere, horrela "hiru alderdiek irabazten dute hiru lurraldeetan".

Ituna lotzen badute, EAJk Gipuzkoako Aldundia lortuko du, PSEk Donostiako alkatetza eta PPk Arabako Aldundia eta Gasteizko alkatetza.

Prietoren arabera, euskal erakundeetan "bi aukera daude gobernatzeko: bat zentzuzkoa da" (EAJk, PSEk eta PPk ordezkatzen dutena) eta "bestea populismoan oinarritutakoa" (Bildurena).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea