Politika -
Ondorengotza PSOEn
Ares: 'PSOEko organoek hartu behar dute azken erabakia, ez Zapaterok'
Herrizaingo sailburuak esan du Zapaterok adierazitako jarrera "garrantzitsua" dela. Hala ere, azken erabakia "organo ezberdinek" hartu beharko dutela azpimarratu du Aresek.
Erredakzioa
PSOEko organoek erabaki behar dute, eta ez Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak, sozialistek ezohiko biltzar bat deitu behar duten ala ez, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak esan duenez.
Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan, Aresek esan du oraindik ez duela Patxi Lopez lehendakariarekin hitz egin. Atzo, Lopezek sozialisten ezohiko biltzar bat eskatu zuen, alderdiaren programa zehazteko eta Espainiako hauteskundeei begira hautagai bat aukeratzeko helburuarekin.
Zapaterok gaur adierazitako jarrera (biltzarra egitearen aurkakoa) "garrantzitsua" dela onartu du Aresek, baina, bere hitzetan, alderdiak dituen organo ezberdinek erabaki behar dute biltzar hori egin behar den ala ez.
"Alderdi honetan organo ezberdinek hartzen dituzte erabakiak, gainerako alderdi batzutan gertatzen ez dena", azpimarratu du. Euskal Autonomia Erkidegoko sozialistek egindako eskaera "argia eta zentzuduna" defendatu du Herrizaingo sailburuak, helburua "datozen lau urteei begira ilusioa piztuko duen programa egitea delako".