Politika -
Parisko Auzitegi Korrekzionala
Lau eta sei urte arteko kartzela zigorrak, ETAko lau kiderentzat
Zigorrak betetzen dituztenean Borja Gutierrez, Zorion Salsamendi, Iker Mendizabal eta Eneko Bilbao Frantziatik kanporatzeko agindu du Parisko Auzitegi Korrekzionalak.
Erredakzioa
Parisko Auzitegi Korrekzionalak lau eta sei urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Borja Gutierrez Elorduyri, Zorion Salsamendi Abadi, Iker Mendizabal Cubasi eta Eneko Bilbao Arestiri, ETAko talde logistikoko kide izatea egotzita.
Zigor handiena, sei urtekoa, Gutierrez Elorduyrentzat izan da; Fiskaltzak hamar urte eskatu zituen berarentzat. Salsamendik eta Bilbaok bost urteko kartzela zigorra beteko dute; Fiskaltzak bederatzi eta zortzi urte eskatu zituen beraientzat, hurrenez hurren.
Halaber, Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Mendizabali (Fiskaltzak bederatzi urte eskatu zituen berarentzat). Laurak Frantziatik kanporatuko dituzte, kartzela zigorra betetzen dutenean.
Gutierrez Elorduy (31 urte), Salsamendi (28 urte) eta Bilbao (31 urte) 2006ko abenduaren 2an atxilotu zituzten, Labesseretteko herrian (Frantziako erdialdea), 12 bat egun lehenago alokatutako landetxe batean.
Mendizabal (33 urte) urtebete geroago atxilotu zuten, uztailean, Anguleman, Jose Juan Garcia Gonzalez ETAko logistika-talde kidearekin batera.