Politika -
M-22ko hauteskundeak
Udalak eta foru aldundiak osatzeko epeak eta egutegia
Udalak ekainaren 11n osatuko dituzte. Aldundien kasuan, baina, prozesu korapilatsuagoa da eta, gainera, ezberdina lurralde bakoitzean.
Erredakzioa
Maiatzaren 22ko foru eta udal hauteskundeen ostean, EAEko udalak ekainaren 11n osatuko dituzte, eta egun horretan bertan aukeratuko dituzte alkateak ere. Nolanahi ere, hautetsien aurkako helegiterik aurkeztuko balute, prozesua uztailaren 1era atzeratuko lukete.
Legearen arabera, udalak hauteskundeak egin eta 20 egunera osatu behar dira, kasu honetan, ekainaren 11n.
Nolanahi ere, hauteskunde-helegiterik aurkeztuz gero, hauteskundeak egin eta 40 egunera litzateke saioa, hots, uztailaren 1ean.
Udal gobernua osatzeko saioan alkatea ere hautatuko dute. Alkategaiak zerrendaburuak baino ezin dira izan, eta zinegotzien gehiengo osoa lortzen dutenak bihurtuko dira alkate.
Gehiengo osoa izan ezean, boto gehien izan dituen alderdiko zerrendaburua izendatuko dute alkate. Berdinketa kasuan, zozketa bidez egingo dute.
100 eta 250 biztanle arteko herrietan, baina, edozein zinegotzi izan daiteke alkategai. Gainerako prozesua berdina da.
Batzar Nagusiak, korapilatsuago
Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak ekainaren 13an osatuko dira; Arabakoa, ekainaren 15ean. Alabaina, ahaldun nagusia aukeratzeko prozesua zailagoa da, aldez aurretik lurralde batzordeak osatu eta bateraezintasun saioak egin behar baitituzte.
Bizkaiaren kasuan, lehen saioa 17 batzarkidek (guztira 51 dira) akta jaso eta zazpi egunera egin beharra dago.
Lehen saio horretan, Ganberako Mahaia osatuko dute, eta halaber, beste saio bat deituko dute, zazpi eguneko epean, Bateraezintasun Batzordea izendatzeko. Ondoren, batzorde horrek beste zazpi egun izango ditu txostena aurkezteko.
Horren ostean beste saio bat deitu behar dute, Mahaiko presidenteak epe barik beste saio bat deitzeko helburuz, ahaldun nagusia hautatzeko.
Araban, hiru saio egin behar dituzte ahaldun nagusia hautatu baino lehen. Ganberak 10 egun ditu hautetsien izendapenetik beste saio bat egiteko, eta ondoren bateraezintasun saio bat egin behar da zazpi egunetan. Azkenean, hirugarren saioan, ahaldun nagusia aukeratuko dute. Hori bai, azken saio hori lehenegoa egin eta hilabetera egin beharra dago gehienez jota.
Gipuzkoan ere hiru saio egin behar dituzte: lehenegoa, hautetsiak izendatu eta 14 egunera gehinez jota; bigarrena, bateraezintasunak aztertzeko, eta azkena, ahaldun nagusia hautatzeko.