Itxi

2019/09/18

08:45

Politika

BLOKEO POLITIKOA

Hauteskunde orokorrak errepikatuko dira Espainian, azaroaren 10ean

AGENTZIAK

PSOEk apirilaren 28ko hauteskunde orokorrak irabazi bazituen ere, sozialistek ez dute gobernua osatzeko babes nahikorik lortu. Ondorioz, lau urtean laugarren aldiz hauteskunde orokorrak egingo dira.

  • Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea

    Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea.Agentzietako bideo batetik ateratako irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainian, korapilo politikoak askatu ezinda jarraitzen du. Azken orduko sorpresarik ezean, datorren asteartean, hilaren 24an, Gorteak desegingo dira, eta hauteskunde orokorrak deituko dituzte datorren azaroaren 10erako. Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin elkarrizketa erronda amaitu ostean, Felipe VI.a Espainiako erregeak ez du adostasun nahikoa bilduko lukeen hautagairik aurkitu, eta ez du inor proposatu inbestidurarako. Iragan apirilaren 28ko hauteskundeetan PSOE nagusitu bazen ere, sozialistak ez dira gobernua osatzeko gai izan. Uztaileko inbestidura saioan, Pedro Sanchezek ez zuen presidente izateko Diputatuen Kongresuaren babesa lortu.

Felipe VI.a Espainiako erregeak ez du adostasun nahikoa bilduko lukeen hautagairik aurkitu, eta ez du inor proposatu inbestidurarako, beraz, azaroaren 10ean hauteskundeak errepikatzeko aukerari ateak ireki dizkio.

Hauteskunde orokorrak azaroaren 10ean

Espainiako erregeak ez du adostasun nahikoa bilduko lukeen hautagairik aurkitu, eta ez du inor proposatu inbestidurarako, beraz, hauteskunde errepikapenari ateak ireki dizkio. Felipe VI.a Espainiako erregeak horixe helarazi zion atzo Meritxell Batet Kongresuko presidenteari. Espainiako Konstituzioaren 99. artikuluaren arabera, lehen inbestidura saiakeratik bi hilera hautagairik ez balego hauteskundeak errepikatuko dira.

Hortaz, artikulu horrek zer zehazten duen aztertuta, datorren astelehenean, hilaren 23an, amaituko da bi hilabeteko epe hori, Gorteak desegingo dira, eta hauteskunde orokorrak deituko dituzte azaroaren 10erako.

Hauteskundeak azaroaren 10ean egingo dira, eta ez 17an, hauteskunde legearen aldaketaren aurretik izan beharko litzatekeen moduan.

Boz hauetan martxan jarriko dira lehen aldiz 2016an onartutako aldaketak. Besteak beste, hauteskundeak deitu eta 38. egunetik aurrera hasiko da kanpaina, azaroaren 1ean, eta 8 egun iraungo du, 15 egunekoa izan beharrean; beraz, azaroaren 8ko gauerdian amaituko da.

Hauteskunde jarduerako gastuak murriztu egingo dira % 30, eta gastuaren muga erdira jaitsiko da.

Era berean, hedabide publikoetako doako hauteskunde propaganda erdira murriztuko da.

Pedro Sanchezek Unidas Podemos egin du erantzule

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak atzoko agerraldian adierazi zuenez, apirileko hauteskundeetatik "ahal zen guztia" egin du Gobernu "moderatua" eta "fronterik gabea" osatzeko, baina "ezinezkoa" izan da; horregatik, hauteskunde errepikapena izango dela aurreratu zuen.

Moncloa Jauregian emandako prentsaurrekoan, Sanchezek PPri, Ciudadanosi eta Unidas Podemosi leporatu zien inbestiduraren blokeoa. Azken horretan jarri zuen azpimarra, "lautan galarazi" duelako Gobernu aurrerakoia osatzea.

"Ahal zen guztia egin dut, baina ezinezkoa izan da. Espainiarentzat Gobernua osatzen saiatu naiz, Gobernu bat, ez edozein, nire ustez Espainiak behar duena aurrean ditugun erronkei aurre egiteko", azaldu zuen Sanchezek.

"Bi alderdi politiko kontserbadorek eta ezkertiar batek nahiago izan dute gobernuaren osaketa blokeatu. Espainiarrei eskatuko diegu argiago esan dezatela datorren azaroaren 10ean", adierazi du Sanchezek Moncloan.

Erreakzioak

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, Pedro Sanchez PSOEko liderrak "izugarrizko akats historikoa" egin du Espainian beste hauteskunde batzuk deituta. Gaineratu duenez, beharrezkoa da "dagoen presidenteak" onartzea "alderdi-aniztasuna".

PPko presidente Pablo Casadok, Felipe VI. Espainiako erregearekin bilera egin ostean, nabarmendu zuenez, azken hilabeteotako bere ondorioa da Sanchezek inoiz ez duela nahi izan Gobernurik osatu, eta “antzeztu” duten "trikimailu" hau, alegia, azken egun eta orduotako kontaktuak eta bilerak, aldez aurretik pentsatutako plan baten barnean zeudela: "Hauteskundeetara bultzatzen bagaitu, espero dut doakoa ez izatea berarentzat", azpimarratu zuen.

Pedro Sanchezen agerraldia hasi aurretik, Ciudadanoseko presidente Albert Riverak ohartarazi zuen jarduneko presidenteak aukera zuela "azken minutura arte" akordioa lortzeko; horretarako, berak jarritako baldintzak onartu egin beharko zituen.

Andoni Ortuzar EAJko presidentearen iritziz, negoziazioen porrota da "izugarrizko porrot politiko baten azken ekitaldia", eta azaroaren 10eko hauteskundeek, "egoera argitu baino gehiago, korapilatsuago jarriko dute". Haren esanetan, inbestidurarako negoziazioetan nahasitako eragile nagusien "heldutasunik eza demokratikoak", haiek "borondate politikorik ez izateak", eta "behar bezalako mailan egoteko gaitasunik ezak" ekarri dute porrot hau.

EH Bilduko Mertxe Aizpuruaren hitzetan, "abagune handia" galdu da, eta "arduragabekeria historikoa" da; izan ere, aukera ematen die eskuineko alderdiei balizko garaipen bat lortzea: "Herritarrak bezala, gogaituta gaude".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;