Politika -

Eudelen Asanblea Nagusia

Gorka Urtaran izendatu dute Eudeleko presidente

Euskadiko Udalen Elkarteak zuzendaritzako 15 kideak hautatu ditu.

Gorka Urtaran, aginte makila hartzen. Argazkia: EiTB
Gorka Urtaran, aginte makila hartzen. Argazkia: EiTB
Eudeleko presidente izendatu dute Gorka Urtaran

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkatea izendatu dute Eudeleko presidente, Euskadiko Udalen Elkartearen Biltzar Nagusian. Erakundeak 2019-2023 eperako zuzendaritzako 15 kideak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde batzordeetako kideak aukeratu ditu ostegun honetan.

Eudelek Elgoibarreko (Gipuzkoa) IMH kiroldegian egin du biltzar nagusia, eta, bertan, EAEko udalen ordezkari nagusiak bildu ditu.

Presidenteordeak Irungo alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE) eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta (EH Bildu) izango dira, alderdien arteko akordio baten ondorioz.

1982an Euskadiko Udalen Elkartea sortu zenetik Eudelek izendatu duen zortzigarren presidentea da Urtaran. Imanol Landaren eskutik makila jaso ostean, "aurretik lanean izan direnen esperientzia eta ibilbidea" azpimarratu du Urtaranek. Halaber, udaletatik boluntario gisa lan egiten duten milaka lagunei eskerrak eman dizkie. 

Bestalde, Landak bere agurrean azpimarratu duenez, azken lau urteotan "udalerrientzako garrantzi handiko lorpenak" jaso dituzte. "Gogor lan egin dugu denok batera Eudelen sustraiak eta etorkizuna indartzeko", esan du.

Batzorde betearazlea zazpi emakumezkok eta zortzi gizonezkok osatzen dute, elkartearen estatutuak ezarritakoaren arabera. Gainera, 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako hiru hautetsi izan dira.

Urtaranek Eudel barruan egindako "sare-lana" azpimarratu du, udalerrien, euskal erakundeen eta Europaren arteko lankidetza sustatu baitute. Horren harira, udalerriak babesten jarraitzeko "sare-lana eta taldekako lana bultzatuta eta interesak alde batera utzita lan egiten jarraituko dutela" esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gorka Urtaran Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak EUDEL