Politika -
Odon Elorzak uko egin du
Ernesto Gasco izango da PSEren Donostiako alkategaia
PSE-EEk baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak hartuko du Odon Elorzak utzitako lekua. Zerrendan hamargarrena da, eta, beraz, bi zinegotzik dimititu egin beharko dute.
Erredakzioa
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak baieztatu du Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea izango dela Odon Elorza-ren ordezkoa, Donostiako alkate izaten saiatzeko.
Eusko Legebiltzarreko pasilloetan egindako adierazpenetan, Arriolak aurreratu du PSEk ez diola uko egiten Donostiako Alkatetzari, eta agintean jarraitzen saiatuko direla.
Gasco sozialisten zerrendako hamargarrena da. Horrenbestez, Elorzak ez ezik, beste bi zinegotzik ere dimititu beharko dute sailburuordea Udalean sartu ahal izateko.
Une honetan, Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea da, baina aldez aurretik karguak izan ditu Donostiako Udalean. Hain zuzen ere, Zirkulazio eta Herri Segurtasun arduraduna izan da.
Gipuzkoako sozialisten buruaren esanetan, Gascok "ahalmena eta prestakuntza" du Udala gidatzeko.
Halaber, gogorarazi du Elorzak hauteskunde kanpainan aurreratu zuela ez zela Donostiako alkate izango irabazle izan ezean. Emaitzak ezagutu eta gero, jarduneko alkateak baieztatu egin zion konpromiso hori betetzeko asmoa zuela, baina Arriolak itun aukerak argitu arte itxarotea eskatu zion.
"Argi zegoen emaitzen ondorioz Elorza ez zela berriro izango alkate", esan du Arriolak.
Dena dela, Udala ez galtzen saiatzeko PSE-EEk "mugimenduak" egin behar dituela ohartarazi du eta, horrenbesez, Elorzak zinegotzi izateari ere uko egin behar dio.
Arriolak aitortu egin du Donostiako emaitzak "ezustekoak" izan direla, eta Bildu horren urrun iritsiko zela jakin izan balute, hauteskunde kanpainaren ikuspuntua ezberdina izango zitekeela nabarmendu du.