Politika -

Preso

Frantziako Gorenak bertan behera utzi du Urrutikoetxea libre uzteko erabaki judiziala

Urrutikoetxeak preso jarraitzen zuen Espainiaren estradizio eskaerengatik. Apelazio Auzitegiak data jarriko du Frantzian dituen zigorrengatik egin zuen askatasun eskaera berriro aztertzeko.

Josu Urrutikoetxea, atxilotu zutenean. Argazkia: EiTB
Josu Urrutikoetxea, atxilotu zutenean. Argazkia: EiTB
Josu Urrutikoetxea, atxilotu zutenean. Argazkia: EiTB

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Auzitegi Gorenak onartu egin ditu Fiskaltzak Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi historiko ohia aske uztearen aurka jarritako helegiteak. Frantziako Estatuan dago preso Urrutikoetxea, eta hor ezarritako zigorren harira eskatu zuen libre geratzea. Oraingo erabakiak auzi-saioa atzera errepikatzea ekarriko du.

Gorenak bi erabaki kaleratu ditu Urrutikoetxea libre uztearen aurka. Apelazio Auzitegiko hiru epaileek ekainaren 19an hartu zuten erabakia, baina praktikan ez zuen eraginik izan, ETAren buruzagi ohiak preso jarraitu duelako Espainiak egindako estradizio eskaerengatik eta euro-aginduengatik.

Parisko Apelazio Auzitegiak, oraindik zehazteke dagoen data batean eta ekainaren 19ko epailerik gabe, berriro aztertuko du Urrutikoetxearen eskaera.

Urrutikoetxea ezkutatuta egon zen ia 17 urteetan, Frantziako Justiziak bitan zigortu zuen ETArekin lotuta, lehenengo aldiz 2010ean, eta 7 urteko espetxe-zigorra jarri zion; eta bigarrenez 2017an, 8 urteko espetxe zigorrarekin.

Josu Urrutikoetxeak, atxilotu zutenean, bi prozesu horiek errepikatzea eskatu zuen, eta maiatzaren 24an libre geratzeko eskaera egin zuen. Gaixotasun larria duela argudiatu zuen, oso aurreratua dagoen minbizia duelako.

Gainera, justizia ez zuela saihestuko bermatzeko, Louis Joinet epaile ohi eta François Mitterrand Frantziako presidente ohiaren kontseilariak bere etxean hartzeko eskaintza egin zion. Orain, ordea, gogoratu behar da Joinet aurreko igandean hil zela.

Ekainaren 19ko erabakiaren ostean Urrutikoetxeak preso jarraitu du Espainiak bere kontra bi estradizio eskaera eta bi euro-agindu aurkeztu zituelako. Eskaera horiek datozen hilabeteetan jorratuko dituztela espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia bideoak ETA albisteak Eguneko albisteak Albisteak