Politika -
Madrilen
Kontzertu ekonomikoaren oinarriak aurkeztu dizkie Eusko Jaurlaritzak 18 herriri
Bilera Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzan egin dute; eta bertan, Ogasun eta Ekonomiako arduradunek parte hartu dute.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko zein Kanpo Harremanetako arduradunek lan-bilera egin dute asteazken goiz honetan, Madrilen, 18 herrialdetako enbaxaden ordezkariekin, EAEko eta Estatuaren arteko ekonomia ituna aurkezteko.
Jaurlaritzako arduradunek Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Danimarka, Finlandia, Norvegia, Herbehereak, Belgika, Portugal, Irlanda, Kanada, AEB, Argentina, Txile, Mexiko, Kolonbia eta Japoniako enbaxadetako arduradun sektorialei azaldu diete kontzertu ekonomikoaren nondik norakoak.
Esaterako, azaldu zaie Ekonomia Itunak Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko zerga- eta finantza-harreman bereziak erregulatzen dituela; eta oinarri hartzen dituela Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria —Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen dituena, foru-erregimenaren gaurkotze orokorra ezarrita— eta Autonomia Estatutuaren III. titulua —lurralde historikoetako erakunde eskudunen ahalmen arauemailea aintzatesten duena, eta lurralde historikoek euren lurraldearen barruan zerga-sistema propioa mantendu, ezarri eta erregulatu ahal izango dutela dioena—.
Bilera Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzan egin dute eta bertan honako hauek parte hartu dute: Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordea; Aitziber Beldarrain Erakundeen Baliabideetako zuzendaria; Ane Etxenausia Zerga Administrazioko zuzendaria; Yurdana Burgoa Kabinete zuzendaria; eta, Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendaria.
Gaur izandako ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren arduradunen eta kidego diplomatikoaren ordezkarien artean Madrilen egin ohi diren topaketen ohiko egutegiaren barruan dago. Horien helburua da Gobernuak dagokion legegintzaldirako dituen plan eta ekimenen berri ematea.