Politika -
Defentsa Kontseilu Nazionala
Terrorismoarekin bukatzeko organo gorena sortu du Espainiak
Javier Solanak proposatutako Espainiako Segurtasun Estrategia babestu du Defentsa Kontseilu Nazionalak eta terrorismoaren aurkako borroka lehentasuna dela berretsi du.
Erredakzioa
Espainiako Segurtasun Estrategia berriak organo gorena sortuko du terrorismoaren kontra borroka egiteko, baina arazo hori "Estatuarentzat mehatxu bat denik" ukatu du. Gainera, ETA amaieratik sekula baino gertuago dagoela azpimarratu dute.
Defentsa Kontseilu Nazionalak bilera egin du gaur Zarzuelako Jauregian. Erregea bertan izan da. Javier Solanak proposatutako Espainiako Segurtasun Estrategia babestu du Defentsa Kontseilu Nazionalak eta terrorismoaren aurkako borroka lehentasuna dela berretsi du.
Hamarkada baterako estrategia izango da, baina bost urtero berriz aztertuko dute. Segurtasunerako mehatxu eta arrisku nagusiak identifikatzen ditu estrategiak, eta eman beharreko erantzunak zehazten ditu.
Segurtasunaren aurkako bederatzi mehatxu identifikatzen ditu agiriak: gatazka armatuak, terrorismoa, krimen antolatua, ziurtasun-gabezia ekonomikoa, ahultasun energetikoa, suntsipen handiko armen ugaritzea, Interneteko mehatxuak, migrazioa, eta larrialdi eta hondamendiak.
Erkidegoekin lankidetza areagotzeko apustua egiten du dokumentuak, eta baita aholkularitza organo gisa adituen foro bat bultzatzea proposatu ere.