Politika -

Bartzelona

Fiskaltza Plataforma per Catalunyaren propaganda ikertzen ari da

Gutun batek eta 4.000 eurotako txeke faltsu batek osatzen zuten publizitatea. Gutunean alderdiaren ideia xenofoboak azaltzen ziren eta txekea "Mohammed Alcabir Amir" izeneko bati zuzenduta zihoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako Fiskaltzak aurretiazko ikerketa bat martxan jarri du Plataforma per Catalunyak (PXC) hauteskundeetan erabilitako propagandak ustez arrazagatiko gorrotoa bultzatzea egotzita.

Epaitegietako iturriek Efe albiste agentziari jakinarazitakoaren arabera, Miguel Angel Aguilar Gorroto eta Diskriminazio delituetako fiskalak, aurretiazko izapide prozesalak hasi ditu Mataroko Jama Kafo elkarteak, Santa Coloma de Gramaneteko Sindec de Greugesek eta Bartzelonako Unibertsitateko ikasle talde batek aurkeztutako hiru salaketa jaso eta gero.

Salatutako propaganda etxebizitza partikularretara helarazi zuten. Gutun-azalean alderdi xenofoboaren ideiak azaltzen ziren 4.000 euroko txeke faltsu batekin batera. Txeke hori "Mohammed Alcabir Amir" izeneko bati zuzenduta zegoen eta banketxearen zigiluari gordetako espazioan "Immigrazioaren Itun Nazionala" idazpurua agertzen zen.

Txekearekin batera, Josep Angladaren alderdiak proposamen politiko batzuk azaltzen zituen, tartean ondorengo mezuak erabilita, besteak beste: "etxekoak lehenengo" eta "ez dago inorrentzako leku gehiagorik, gizabidezkoa ala ez, legezkoa ala ez".

Gainera, alderdiak egindako propagandaren artean ikusentzunezko iragarki polemiko bat dago. Bertan, hiru nerabe agertzen dira, minigona jantzita, sokasaltoan jolasten, eta 2015. urtera saltoa ematean, "burka" jantzita agertzen dira, musika arabiarraren soinuen artean.

Ordezkaritza handitu du

Iragan maiatzaren 22ko hauteskundeetan, Plataforma per Catalunyak (PXC) hiru zinegotzi atera zituen L''Hospitalet de Llobregaten, Bartzelonan, Kataluniako bigarren hiri jendetsuenean. Katalunia osoa ere, ordezkaritza handitu egin zuen, 60 zinegotzi baino gehiago lortuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea