Politika -

'Proces' auziko epaia

Puigdemont: 'Epaiak bi milioi pertsona baino gehiago kondenatu ditu'

Generalitateko presidente ohiak Bruselatik adierazi duenez, epaiak erakusten du Estatuaren estrategia "jazarpena eta mendekua" direla.

Carles Puigdemont, astelehen honetako agerraldian. Argazkia: EFE.
Carles Puigdemont, astelehen honetako agerraldian. Argazkia: EFE.
Carles Puigdemont, astelehen honetako agerraldian. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak adierazi du 'proces' auziko epaiak erakutsi egiten duela Estatuaren estrategia "jazarpena eta mendekua" direla.

"Auzitegi Gorenak Gobernuko, Parlamentuko eta Kataluniako erakunde sozial garrantzitsuenetako hainbat kideren kontra ebatzitako epaiak erakutsi egiten du bide demokratikoa hautatu duten hiritarren aurkako estrategia jazarpena eta mendekua direla", esan du Puigdemontek, Bruselan egindako agerraldi batean, Kataluniako Gobernuak Belgikako hiriburuan duen ordezkaritzan.

Horren esanetan, epaiak "2017ko urriaren 1ean autodeterminazio erreferenduma posible egin zuten bi milioi pertsonak kondenatu ditu".

Puigdemonten esanetan, gainera, Auzitegi Gorenaren epaiak egiaztatu du, "inoiz baino gehiago, beharra dugula benetan askea den herrialde batean bizitzeko".

"Mobilizatu behar gara, eta gure ahotsa sentiarazi behar dugu. Modu asko daude, eta guztiak izan behar dira demokratikoak, ez indarkeriazkoak", adierazi du. "Inoizko gogorren erantzun behar dugu", esan du, eta galdegin du azaroaren 10eko hauteskundeak "gaitzespeneko, duintasuneko eta sendotasuneko erantzuna" izatea.

Europa, "isilik, indarkeriaren aurrean"

Puigdemontek Europaren jarrera gaitzetsi du; leporatu dio "isilik" geratu dela, "bozkatzera irten zen herri batek 2017ko urriaren 1eko erreferendumean jasandako indarkeriaren aurrean".

"Europa honek espainiar Estatuaren soinuan dantza egiten du, eta saihesten du bi milioi europar herritarren baino gehiagoren ordezkariak Europako Parlamentuan egotea", adierazi du.

Carles Puigdemontek berretsi duenez, epaiak baieztatu du "Espainiak uko egiten diola elkarrizketa abiatzeari"; horren aurrean, aukera bakarra da "beldurrik gabe mobilizatzea".

Galderarik gabeko agerraldia egin du Puigdemontek, prentsaren aurrean, Belgikan; hain zuzen, beretan bizi da 2017an espainiar Justiziarengandik ihes egin zuenetik. Auzitegi Gorenak, agerraldia egin baino ordu batzuk lehenago sinatu du proces auziaren epaia, eta 9 eta 13 urte arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie lider independentistei. Gainera, astelehen honetan ere, Llarena epaileak haren aurkako agindu europar eta nazioartekoa eman du.

Agerraldian, Belgikan ere dauden Toni Comin, lluis Puig eta Meritxel Serret kontseilari ohiak ere izan dira, Puigdemonten aldamenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona albisteak Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean