Politika -

'Proces'en epaiari erantzuna

Torra: 'Berriro jarri beharko ditugu autodeterminaziorako boto-kutxak'

Bestalde, ERCko bozeramaileak erantzun du ez dela datak jartzeko unea, eta CUPek esan du Generalitateko presidenteak "sinesgarritasun gutxi" duela.

Torra, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE
Torra, Kataluniako Parlamentuan.
Autodeterminaziorako boto-kutxak 'legealdi honetan' jartzearen alde agertu da Torra

0:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidenteak agerraldia egin du gaur Kataluniako Parlamentuan 'proces' auziaren zigorrei erantzun instituzionala emateko. Nabarmendu duenez, "boto-kutxak jartzearren 100 urteko zigorra ezarri badute, argi dago erantzuna: berriro jarri beharko ditugu".

Horrela, dei egin die alderdi eta erakundeei lanean jartzeko "ahalik eta lasterren autodeterminazio eskubidea egikaritzeko bideak zehazteko". "Denok egin behar ditugu eginahalak eta konpromisoa hartu. Legegintzaldi hau independentzia berresten bukatu behar dugu", azpimarratu du.

Epaia ahotan, 12 buruzagi independentistei ezarritako zigorrengatik "suminduta  eta haserre" dagoela esan du Kataluniako presidentea. Torraren irudiko, epaia "fartsa handi bat" izan da, "mendeku hutsa".

Salatu duenez, "epaiak Zuzenbidearen oinarriak lurperatu ditu. Disidentziaren aurrean, Estatu eskubide bat ezarri du Espainiaren batasun sakratua babesteko helburu bakarrarekin. Hemendik aurrera eskubide asko mugatuta egongo dira".

"Espainiaren batasuna eta Kataluniako independentzia ezin dira aitzakia moduan hartu herritarren eta ordezkari politikoen eskubideak urratzeko", azpimarratu du.

ERCk erantzun du ez dela unea

Bestalde, Sergi Sabria ERCko bozeramaileak erantzun du bere alderdiak Torraren proposamena aztertuko duela, bere asmoen berri ez zutela ulertzera emanez, eta ekimenen berri publikoki eman aurretik akordioak bilatzea eskatu dio, “independentismoak akordio zabalei esker lortu baitu babes handia izatea”.

Gainera, Sabriak azpimarratu du ez dela "datak jartzeko unea, indarrak metatzeko lan egiteko unea baizik", eta Mossoen jarrera gaitzetsi du, "polizia demokratiko batek ez baititu herritarrak harrapatzen".

Gainerako taldeen erreakzioa

CUPetik, Natalia Sanchezek esan du Torrak "sinesgarritasun gutxi" duela legegintzaldi honetan autodeterminazio eskubidea berriro erabiliko dela iragartzean. “Uste dugu arriskutsua eta zentzugabea dela data zehatzak dituzten iragarkiak egitea, horretarako akordiorik gabe”, nabarmendu du.

Lorena Roldanek (Ciudadanos) infiltratu bakarra izatea leporatu dio Generalitateko presidenteari, ez duelako azaldu ustezko terrorismoagatik ikertu dituztenekin loturarik ote duen, eta konstituzionalistei desberdintasunak alde batera uzteko eta bizikidetza eta askatasuna defendatzeko eskatu die.

PSCtik Miquel Icetak Torrari argi utzi dio Kataluniak “ez diola Autonomia Erkidego izateari utziko datozen hiru urteetan”, eta, arrazoi horregatik, autodeterminaziora itzultzeko bidetik ez jarraitzeko eskatu dio. Hala, elkarbizitza, segurtasuna eta autogobernua bermatzera mugatzeko galdegin dio.

Jessica Albiach Catalunya en Comu-Podemeko buruak Torraren agerraldia deitoratu du, protagonismoa lortzeko egin duela iritzita. Ildo horretatik, Generalitateko presidentearen dimisioa eskatu du, haren jokabidea “delirantea eta arduragabea” dela iritzita.

Bestalde, Alejando Fernandez Kataluniako PPko buruak, Torrari ohartarazi dio inork ez duela aitortuko Kataluniaren "autodeterminazio eskubidea", eta errealitateaz jabetzeko eskatu dio.

Gainera, Albert Batetek (JxCat) Cs, PSC eta PPren aurka egin du, eta galdetu die: “Independentistok ba al dugu existitzeko eskubiderik? Pentsatzeko eskubidea? Errepublika bat nahi izateko eskubidea? Subiranotasunaz hitz egin nahi izateko eskubidea? Errege bat nahi ez izateko eskubidea? Kataluniaren autodeterminazioa nahi izateko eskubidea?".

"Neu ere erruduna naiz"

Hala, Auzitegi Gorenak 12 buruzagi independentistei egotzitako "delitu faltsuak" bere egin ditu Torrak: "Gure kideak errudun badira, ni neu ere erruduna naiz".

Horren ildoan, Ganberako gainerako diputatuei autoinkulpatzeko deia egin die: "Nire moduan, zaurituta sentitzen diren kide horiek ere berdin egingo dutelakoan nago".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari, berriz, gatazkari "bide demokratikoaren bitartez" aurre egitea eskatu dio: "Demokrazietan hitz egiten eta herritarrei ahotsa ematen konpontzen dira gauzak". 

"Istiluen atzean nortzuk dauden ikertuko dugu"

Bartzelonan azken egunotan izandako istilu larriak hizpide, Torrak iragarri du ikerketa abiatuko dutela "horien atzean nortzuk dauden jakiteko". "Probokatzaileek eta aztoratzaileek mobilizazio baketsuen norabidea aldatu nahi badute, isolatu eta baztertu egin behako ditugu", erantsi du.

Dena dela, ohartarazpena egin du: "Ez dezala inork desobedientzia zibila kriminalizatu". Horrez gain, Miquel Buch Barne kontseilariari "ezein egoera irregular" ikertzeko eskatu dio, eta behar denetan "autokritika egiteko". Izan eren, Torraren hitzetan, Mossoen oldarraldietan "inori gustatu ez zaizkion irudi eta egoerak ikusi ditugu".

Manifestariak atzo Bartzelonan

Manifestariak, bart Bartzelonan. Argazkia: EFE

Calvok Torraren atzoko agerraldia kritikatu du

Bitartean, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak Generalitateko presidenteak bart egindako agerraldia kritikatu du. Calvoren ustez, Torrak "egoerak bultzatuta eta inongo uste sendo barik" gaitzetsi zituen Bartzelonako istiluak, eta, horren aurrean, Auzitegi Konstituzionalak ezarritako mugak gainditzen baditu Espainiako Gobernuak neurriak hartuko dituela ohartarazi dio.

Calvoren ustez, Torra ez dago presidente karguaren eta duen arduraren mailan, "ekintzaile bat ematen du", erantsi du, eta Torra Miquel Buch Barne kontseilariaren eta Eduard Sallent Mossoen buruaren dimisioak behartzen saiatu izana kritikatu du Espainiako buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Gobernua