Politika -
Profila
Miguel Buen: Ibilbide politiko luzea Ertzaintza gidatzeko
17 urtez Errenteriako alkate izan zen eta egun Pasaiako Portuko presidentea da. Rodolfo Aresen 'bigarrena' izango da Jaurlaritzako Herrizaingo Sailean.
Erredakzioa
Miguel Buen 1947ko urriaren 14an jaio zen, Ardisan (Zaragoza). Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Alberto Buen, anaia, Irungo alkatea izan zen 19 urtez.
Lanbide Heziketan ikasketak bukatu ondoren, politika munduan ibilbide luzea egin du.
Politika arloan aurreneko pausoak Errenteriako Eskola Batzordean eman zituen. Sortzaileetako bat izan zen, eta Batzordeko presidente ere izendatu zuten.
1983an, PSEk Errenteriako hauteskundeak irabazi zituen, eta, legealdi horretan, Hezkuntza eta Zerbitzuetako zinegotzi lanak egin zituen.
Lau urte geroago, 1987an, Errenteriako alkate izendatu zuten. 17 urtez, 2003ra arte, kargu horretan egon zen. Industriak herri barrutik atera zituen, industrialdeak egiteko lurrak erosi ondoren.
1991n eta 1995ean hauteskundeak irabazi zituen berriro ere. Agintean eman zuen bigarren legealdian, Errenteria urbanizatzeari ekin zion, eta hirugarrenean, herriko Kultur Zentroa sortu zuen eta Fanderia auzoko babes ofizialeko etxebizitzak eraiki zituen.
1998an Pasaiako Portuko presidente izendatu zuten,eta handik urtebetera, hauteskundeak irabazi zituen berriro, laugarren aldiz.
2003an azken legealdia hasi zuen Errenteriako alkatetzan. Urtebetera Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi izendatu zuten, gehiengoaren babesarekin (% 92,4), eta 2008ko maiatzera arte kargu horretan izan zen.
2005ean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuta, legebiltzarkide hautatu zuten, eta Ganberako presidenteorde izan zen 2007ra arte.
Urte horretan bertan, Gipuzkoako Foru Aldundirako hauteskundeetara aurkeztu eta irabazi egin zituen. Halere, Gobernutik kanpo geratu zen, beste alderdi batzuen arteko itunek bultzatuta. Gipuzkoako Batzar Nagusietako sozialisten bozeramailea izan zen.
2008an, Madrilgo Kongresuko zerrendaburu izan zen. Eserlekua lortzeaz gainera, Talde Sozialistako koordinatzaile izendatu zuten. Halaber, Zientzia eta Berrikuntza Batzordeko presidente izan zen. Madril utzita, baina, Pasaiako Portuko presidente kargura itzuli zen. Kargu hori albo batera utzi zuen, Alderdi Sozialistaren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia izateko.&' || 'nbsp;
Interneten duen atarian azaltzen duenez, familia "gogoko" duen gizona da Miguel Buen. Eleberri historikoak irakurtzen ditu, eta Hegoamerikako artistak eta musika klasikoa entzuten ditu. Aisialdirako, berriz, hondartzan ibiltzea edota perretxikotan joatea dira gustukoen dituen proposamenak.