Politika -

Auzitegi Gorenaren epaia

Gorena: 'ETAko presoen argazkiak erakustea terrorismoa goratzea da'

Halaber, Txori Barrote Bilboko konpartsaren lau arduradunak absolbitu egin ditu Auzitegi Gorenak, ez dagoelako argi argazkiak nork jarri zituen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan Auzitegi Gorenak zabaldutako epaiaren arabera, ETAko presoen argazkiak erakustea "terrorismoagatik auzipetutakoen ekintzak goratzea da" eta, ondorioz, terrorismoa goratzeko delitu gisa hartuko da.

Goreneko magistratu batek, Jose Antonio Martin Pallinek, hala ere, boto partikularra eman du, gainerako magistratuek erabakitakoarekin bat ez datorrelako. Horren ustetan, ETAko presoen argazkiak erakusteak ez du, halabeharrez, delitua izan behar, horrek "askatasun eskubidea urratuko lukeelako".

Epaiak, gainera, Txori Barrote Bilboko konpartsaren lau arduradunak absolbitu ditu, 2008ko Aste Nagusian txosnetan ETAko presoen 95 argazki erakusteagatik epaitu eta gero. Epaiaren arabera, Auzitegi Nazionalak ez zuen argazkiak jarri zituen pertsona identifikatu.

Areto horretako magistratu gehienen iritzian, terrorismoak berak "soberan justifikatzen du" goratze delitua, "gizartean garrantzi handia duen delitu fenomenologia bat aurrean jarrita; horrela, hasiera batean legez aurkako jarduera horiekin batere zerikusirik ez duten lagunek eta taldeek hori bultzatzen laguntzen dute, horiek justifikatu eta babesteko mezuen bidez".

Erabaki horrek bat egin du apirilaren 5ean izandako saio publikoan Fiskaltzak eta Dignidad y Justicia elkartearen ordezkariek epaimahaiaren aurrean argudiatutakoarekin.

Auzitegiaren epaian jasotzen denez, "independentziaren aldeko aukeraren eta disidenteak hiltzearen arteko nahasmenaren seinale argienetako bat ETAko terroristak preso politiko bezala hartzea da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea