Politika -

Katalunia

Prozesu independentistaren kontra kalera irten dira unionistak Bartzelonan

Milaka pertsona bildu dira Kataluniako hiriburuan, Societat Civil Catalanak (SCC) deituta. Berriz irten da kalera elkartea, independentismoaren "konfrontazioaren eta matxinadaren" aurrean.

Societat Civil Catalanaren manifestazioa. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
Societat Civil Catalanaren manifestazioa.
Milaka pertsona manifestatu dira Kataluniako prozesuaren kontra

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manifestazio unionista bat egiten ari dira Bartzelonako kaleetan. Societat Civil Catalana (SCC) elkarteak Kataluniako prozesu independentistaren kontrako martxa bat deitu du, lider independentisten kontrako epaiaren aurkako manifestazioaren biharamunean.

Por la concordia, por Cataluña: ¡Basta! (Adiskidetasunagatik, Kataluniagatik: Nahikoa da!) lelopean, 12:00etan hasi da manifestazioa, Passeig de Gracia eta Provença kaleen arteko bidegurutzean, eta Arago kaleraino heldu da. Hor ekitaldia egin dute. SCCk zuriz janztea eskatu du, bakearen sinbolo bezala.

Espainiako eta Kataluniako banderen artean, Bartzelonako erdialdean bildu dira manifestariak; tartean, PSOE, PSC, PP, Ciudadanos eta UPyDko buruzagiak. "Gora Espainia", "Hemen kazetariek ez dute kaskorik" eta "TV3, manipulatzaile" bezalako oihuak bota dituzte.

SCCk U-1aren ostean Bartzelonan deitutako mobilizazioak errepikatu nahi ditu. 2017ko urriaren 8ko manifestazioa independentziaren aurkakoak kalera irten ziren lehen alditzat dute unionistek.

Manifestazioetan, elkartearen iritziz, argi geratu zen Kataluniako gizartearen gehiengoa prozesu independentistaren kontra zegoela, momentu horretara arte independentismoak Kataluniako mobilizazioak "monopolizatzen" zituen-eta.

Azken hilabeteetan, independentismoa "konfrontazioaren, gainezkatzearen eta matxinadaren bidera" itzultzen bazen elkarteak manifestazioa deituko zuela ohartarazi du Fernando Sanchez Costa lehendakariak.

"Argi dago gauza larriak geratu zirela, eta beharrezkoa zela kalearen erantzun bat", esan zuen Alex Ramos SCCko presidenteordeak asteartean, 2017ko eta 2019ko urriak alderatuta.

Bertan izan dira Jose Luis Abalos eta Josep Borrel ministroak, Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia, Pablo Casado PPko presidentea, Cayetana Alvarez de Toledo Bartzelonako PPren Kongresurako hautagaia, Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia eta Ines Arrimadas Bartzelonako Ciudadanosen Kongresurako hautagaia, besteak beste.

Manifestazioa baino lehen, argi utzi zuten antolatzaileek Vox ez zegoela gonbidatuta, baina alderdi ultraeskuindarrak ohartarazi zuen kide batzuk joango zirela, "ez dutelako behar inoren baimenik". Ignacio Garriga Bartzelonako Kongresurako hautagaia bertan izan da.

Egun batzuk barru hasiko den hauteskunde kanpainan sartu nahi ez duela esan du SCCk, eta alderdi politikoek mobilizazioa aprobetxatzea saihestu nahi duela. Horretarako, elkarteetako zuzendaritzako kideak izango dira manifestazioaren buruan, eta ez politikariak.

Hala ere, ekitaldiaren bukaeran lau bideo emango dituzte, hurrengo protagonistekin: Josep Pique PPko ministro ohia, Joaquin Almunia buruzagi sozialista ohia, Paco Frutos PCEko idazkari nagusi ohia eta Marta Rivera Ciudadanoseko politikaria.

Etenak garraioan

Goizean, Errepublikaren Defentsarako Komiteek (CDR) sare sozialetan eskatu dute Kataluniako errepideak mozteko, Bartzelonara SCCren manifestazioan parte hartu nahi dutenen autobusak heldu ez zitezen.

Pallejako manifestazioak A-2ko zati bat moztu du, eta Ampostan beste zati bat moztu dute AP-7 autobidean, Bartzelonako noranzkoan.

7:10ean, zuhaitz bat bota dute trenbidera, eta Figueres eta Flaçaren (Girona) arteko zerbitzua gelditu behar izan dute.

Trafikoa lehengoratu dute dagoeneko.

CDR eta Picnic taldeek ekitaldi baketsuak deitu dituzte faxismoa salatzeko
CDR eta Picnic taldeek ekitaldi baketsuak deitu dituzte faxismoa salatzeko
CDR eta Picnic taldeek ekitaldi baketsuak deitu dituzte faxismoa salatzeko

1:12

Kataluniako Gobernuaren bilera

Kataluniako krisia jarraitzeko larrialdi-kabinetea bildu da goizean, atzoko mobilizazioak aztertze aldera. Tartean, Via Laietanan, Poliziaren Agintaritza Nagusiaren aurrean izandako istiluak.

Generalitateko iturrien arabera, bileran izan dira Pere Aragones presidenteordea eta Miquel Buch, Ester Cabella eta Alba Verges kontseilariak. ANCk eta Ominium Culturalek deitutako "manifestazio jendetsua eta gizalegezkoa" eta ondorengo istiluak aztertu dituzte.

Istilurik gabeko manifestazioz betetako aste baten ostean, berriz ere liskarrak eta polizien oldarraldiak izan ziren Bartzelonako kaleetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Eguneko albisteak Albisteak