Politika -

EAEko zerga sistema

Patxi Lopez: 'Diputazioek alde batera utzi zuten europar araudia'

"Kontrako ebazpenaren eragina txikiagotzeko" konpromisoa hartu du lehendakariak. Bestalde, laguntzak "pixkanaka itzultzen uzteko" eskatu dio Ramon Jaureguik Europar Batasunari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakaria kritiko agertu da gaur, EAEko foru aldundiek, 1990eko hamarkadan enpresen inbertsioa sustatzeko pizgarri ekonomikoak eman zituztenean, europar araudia alde batera utzi eta Europako Batzordeari laguntza horien berri eman ez ziotelako.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berretsi egin du gaur euskal ''opor fiskalak'' hots, 90eko hamarkadan Euskadin enpresa berriei emandako laguntzak, legez kanpokoak direla.

Aldundiek arautzeko ahalmena eta ekonomia sustatzeko beharra zuten arren, "Europan konpetentzien alorrean indarrean dagoen araudia alde batera utzi zuten" eta "ez zuten sortutako laguntza berri horiek Europako Batzordeari aurretik jakinarazteko beharra bete".

Halaber, lehendakariaren esanetan, "Bruselaren, Gobernu Zentralaren eta inguruko erkidegoen presioak zalantzazko arau horiek indargabetu beharra ekarri zuenean, egoera ez zen modu egokian bideratu".

Lehendakariaren hitzetan, gatazka luzatzeak arazoa areagotu zuen, "Kontzertu Ekonomikoak arautzeko duen ahalmena babesik gabe utzi zuen", emandako laguntzak itzuli beharra ekarri zuen, eta orain "milioi askoko isunari" aurre egin behar zaio.

Aguirre

Bestalde, emandako laguntzak ez berreskuratzeagatik isunak eskatzeko Europako Batzordeak demanda bat ez aurkeztea espero du Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren gaurko epaia "albiste ona ez" dela adierazi du Aguirrek. "Sententzia honek opor fiskalen prozedura judiziala ixten duela argi dago", esan du, baina beste bi prozedura oraindik zabalik daudela gogorarazi du, 1996ko "opo fiskal txikiak" eta inbertsioen kreditu fiskalaren % 45.

"Zoritxarrez gaurko epaiak joera bat markatu du, eta orain egin behar dena laguntzak berreskuratzen hastea da, edo falta dena berreskuratu", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea