Politika -
Kontrol saioa
Ertzaintzaren arazoak aurreko Gobernutik datozela esan du Aresek
Ertzaintzaren egunari dagokionez, ospakizuna atzeratu egin dutela esan du, ez dutela bertan behera utzi. Herrizaingo Sailaren asmoa urtea amaitu baino lehen ospatzea dela iragarri du.
Erredakzioa
Ertzaintzak bizi duen gatazka egoerak kezkatu egiten duela onartu du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, baina aldi berean egoera hori EAJko aurreko arduradunengatik jaso duela azpimarratu du. Adibide gisa, lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena jarri du, lau urtez luzatuta dago eta berak bi urte baino ez daramatza sailburu karguan.
EAJko Mikel Martinez legebiltzarkideak Ertzaintzaren "gatazka"ren inguruko galdera egin dio Aresi eta honek adierazpen horien bidez erantzun dio.
Era berean, sindikatuek isun gutxiago bultzatzeko kanpainaren datuak eman ditu. Kanpaina hori agenteen osasun arazoak salatzeko abian jarri zuten eta, Aresen hitzetan, ez dute antolatzaileen aurreikuspenak bete.
Gauzak horrela, martxotik apirilera ertzainek jarritako isun kopurua % 39 jaitzi bazen ere, apirila eta maiatza artean % 40 igo da.
Sailburuak, gainera, jarrera "arduragabea eta alarmista" izatea leporatu dio EAJri, "gatazka eta sindikatuen protesta ekitaldiak Gobernuaren kontra aprobetxatzeko" helburu bakarrarekin.
Martinezek, aldiz, Departamentuak "hondoa jo duela" adierazi du, eta "krisi oso larrian" murgilduta dagoela. EAJko legebiltzarkidearen ustean, Ertzaintzaren Eguna bertan behera utzi izana eta bi sailburuorde ordezkatu izana krisi horren isla dira.
Ertzaintzaren Eguna, urte bukaera baino lehen
Rodolgo Aresek Ertzaintzaren Eguna bertan behera utzi ez dutela ziurtatu du, atzeratu besterik ez dutela egin. Departamentuaren asmoa, urtea amaitu baino lehen ospakizuna antolatzea da.
Egun hori atzeratzeko arrazoia, Aresen hitzetan, bertara joateko asmoa zuten agenteek "buruzagi sindikalekin arazorik ez edukitzea" izan da, eta "gatazka eta zatiketa" ez areagotzea.
Gainera, sailburuaren arabera, agenteen eta senitartekoen artean 300 pertsonak izena emanda zuten ospakizunean parte hartzeko eta egun horrek "Ertzaintzaren parte izateko sentimendua indartzeko" balio izatea espero duela azaldu du.